GARA > Idatzia > Iritzia > Ikusmira

Afganistan oso urrun dago demokraziatik

NATOko idazkari nagusi Anders Fogh Rasmussenek arrakastatzat jo zituen atzo Afganistanen izan ziren hauteskundeak, segurtasunari dagokionez. Herrialde hura inbaditzeaz arduratu zen organismoak hori esatea normala eta espero izatekoa zen, gertatutakoak besterik agertzen badu ere: ehunetik gora eraso eta dozenaka hildako. Bestalde, baieztapen hori eta agintari afganiarrek ekintza armatuen gainean informatzea galarazi izana ez datoz bat; nolanahi ere, Kabulgo Gobernuak berak ez zuen bete agindu hori eta hauteskundeen «arrakasta handia» iragarri zuen. NBEko idazkari nagusi Ban Ki-moonek, bere aldetik, afganiarrak zoriondu zituen atzoko hauteskundeetan parte hartzeagatik, bere ustez, herritarren «egonkortasun eta garapen antsiaren» erakusgarri baitira. Adierazpenak adierazpen, Afganistanen, indarkeriaz gain, agintarien ustelkeria, errepresioa eta bidegabekeria dira nagusi eta atzoko hauteskundeen izaera demokratikoa gezurtatu eta iruzur susmoa sendotzen dute.

Afganistanek gaur egun duen arazorik larriena Irak suntsitu duen berbera da: okupazioa. Herrialdeko herritarrek konpontzen ez dutena ez du kanpotiko inposizioak konponduko. Inposizioa baita, eta ez laguntza, Mendebaldearen interes ekonomiko eta geopolitikoak baizik. Hori giza eskubideak eta demokraziaren balioen aldeko jardun gisa aurkeztea hipokrisia hutsa da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo