GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Kronika | Nao «Victoria» ontzia

Mutrikun da Elkanoren itsasontziaren erreplika

Mutrikuko portuan mota guztietako itsasontziak ikusten ohituta dauden arren, egunotan bertatik igarotzen diren guztien arreta bereganatzen duen ontzia dago kaian ertzeratua. «Nao Victoria» itsasontzia da, Juan Sebastian Elkanok munduari bira emateko erabili zuenaren erreplika. Bertan sartzea besterik ez dago duela 500 urteko marinelen azalean sartu eta orduko pasarteak bizitzeko.

p016_f01.jpg

Aurten, Mutriku sortu zeneko 800. urteurrena bete denean, hainbat ekitaldi berezi egiten ari dira Gipuzkoako udalerrian. Horien artean dago «Nao Victoria»ren bisita. Asteazkenean bertan iritsi zen itsasontzia herriko portura, hainbat egun Hondarribian egin ondoren. «Victoria» ontzia Juan Sebastian Elkanok munduari bira emateko erabilitakoaren erreplika da, eta 2004-2005 artean errepikatu zuen ontzi honek Getariako itsasgizonak egindako ibilbidea.

Ostegunean zuten mutrikuarrek «Victoria» ontzia barrutik ezagutzeko lehen eguna. Bertakoak zein herrian zebiltzan turistak, ugari izan ziren goizean goizetik ontziaren parean kaian bildu zirenak. Bazuen jendeak «Victoria» ontziaren berri, baina, bertatik bertara ikustean haren tamainak harritu zuen bat baino gehiago. Egia esan, ontzia gertutik ikustean edonori gogora etortzen zaion galdera da, nola gidatu ote daitekeen 175 tonako pisua eta 26 metroko luzera duen ontzia.

Askori «pelikuletakoa» iruditzen zitzaion «Victoria» ontzia, «egurrezko egiturarekin eta bela handi horiek irekita, dotore ikusten zen portura iristen ari zenean», zioen herriko emakume batek.

Zorroztasun historikoa

Lehorrean, hainbat panel handi jarriak ziren, Elkanoren bidaiaren nondik norakoak azaltzen zituztenak. Ontzira sartzearekin bat, garaiko dekorazioa dela-eta, bisitaria duela 500 urteko marinel haien azalean jar daiteke berehala. Ontzi guztia, azken xehetasuneraino, originala bezalakoa dela diote arduradunek. «Eraikitzeko modutik apainketaraino», zioen ontziko tripulatzaileetako batek.

Bisitaria marinel esploratzaileen azalean gehiago sartzeko, bestetik, lehenbiziko mundu biraren gaineko dokumental bat dago ikusgai pantaila handi batean. Ontziko tripulatzaileekin hitz egin eta haien esperientziak ezagutzeko aukera ere badago. Izan ere, duela 500 urteko marinelen gisara dabiltza ontzian hainbat marinel.

Ontziak tripulazio finkoa du eta ibilbidearen arabera beste hainbat boluntario ere gehitzen zaizkie. Bidaiak haize-oihalez baliatuta, haizearen indarrez egiten dituzte, hozkailurik eta inolako beste erosotasunik erabili gabe. «Victoria» ontzian, hala ere, badira motorra eta salbamendurako bitartekoak ere, baina, «horiek derrigorrezkoak dira, legeak hala agintzen duelako», zioen ontziko arduradunetako batek.

«Victoria» ontziak 2004-2005 urte bitartean Elkano eta Magallanes portugaldarrak 1519tik 1522ra munduari bira emateko egin zuten ibilbide bera egin zuen. Bi arazo nagusi izan zituzten bidaia horretan: jatekoa eta garbiketa. Hozkailurik erabili ezin zutenez, fruta eta barazkiek ez zieten astebete baino gehiago irauten. Hala, gehienbat pasta eta galletak jaten pasa behar izan zituzten hilabeteak. Bigarren arazoa, larriena, garbiketaren kontua zen, dutxatzeko erabiltzen zuten ura gazia baitzen. Lehen astea igaro ondoren, azala erabat lehortuta zuten eta kasu askotan odoletan ere jarri zitzaien larrua. Hala ere, «susto handia hartu arren, ez zen ezer larria izan», azaldu zuen tripulatzaileetako batek.

Cádizetik Euskal Herrira

Nao Victoria Fundazioa arduratzen da ontziaz. Erakundeko kideen hitzetan, «itsas bidaiak egiten dituztenean hainbat balio zabaltzen saiatzen dira, hala nola laguntasuna, errespetua eta diziplina». Gainera, fundazioko kideen arabera, munduari bira eman ziotenean «hainbat akats historiko» zuzentzen ere saiatu ziren. Esaterako, Hawaii-n izan zirenean, «han inork ez zekien espainiarrek aurkitu zituztela irla haiek, guk azaldu genien».

Getarian, uztailaren 7an, Elkanoren iristea irudikatu zutenean ikusi ahal izan zen lehengoz «Victoria» ontzia Euskal Herrian. Hilabete igaro behar izan zuen ontziak Cádizetik Getariara iristeko. Gipuzkoara heltzean ordea, eman zuen zeresana. Getariako hautetsi independentisten arabera, 137.000 euro kostatu zen ekartzea, festa guztien aurrekontuaren bikoitza. Bestalde, ontziaren arduradunek plazaratu duten ikuspegiarekin ados ez zegoen jende ugari ere agertu zen.

Kontuak kontu, izango da oraindik «Nao Victoria» ezagutzeko aukerarik. Izan ere, datozen asteotan Lekeition, Bermeon, Santurtzin eta, azkenik, Bilbon porturatuko baita itsasontzi ikusgarri hau.

Janire ARRONDO

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo