GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

Aizkora

Gazteei heldu zaie maila erakusteko tenorea

J.L. | DONOSTIA

Aizkolari gazteei heldu zaie beren maila erakusteko tenorea. Bihar, Gorritiko pilotalekuan, 12.30etik aurrera jokatuko da Euskal Herriko Hirugarren Mailako lehen kanporaketa. Amaieran lehen bi postuetan amaitzen duten aizkolariek lortuko dute finalerako txartela.

Honako hauek arituko dira lanean: Unai Aldape, Jokin Alkizalete, Ruben Saralegi, Mikel Larrañaga, Oihan Larretxea, Asier Pellejero, Ramiro Llanos, Arkaitz Olano, Esteban Pikabea, Iñaki Kintana, Aritz Goñi eta Mikel Belauntzaran. Bakoitzak lau kana-erdiko erdibitu beharko ditu.

Parte hartuko duten aizkolaririk gehienak gazteak dira, eta hori dudarik gabe oso berri ona da kirol honen etorkizunerako. Berri-berria, bakarra izango da, Mikel Larrañaga azpeitiarra hain zuzen. Lehen aldiz hartuko du parte lehiaketa ofizial batean, eta ikusteko dago zein maila eman dezakeen.

Parte hartzen duten beste berri gehienak gazte mailatik gora jauzia egindakoak dira, Larretxea, Olano eta Saralegi, esaterako. Goñi ere ez zen iaz aritu, baina Urrezko Aizkoran eta Nafarroako Txapelketan aritua da. Kintana ere Arabako Txapelketan izan da, eta Aldaperen kasuan, iaz parte hartu ez bazuen ere, aurreko urteetan aritu izan da. Beraz, berri-berria Larrañaga bakarrik izango da.

Bigarren kanporaketa Orozkon jokatuko da irailaren 6an, eta han honako hauek hartuko dute parte: David Amillano, Carlos Ruiz de Aretxabaleta, Alex Txikon, Raul Castro, Xabier Dorronsoro, Urtzi Olasagasti, Patxi Mindegia, Sergio Mandazen, Xabier Zaldua, Angel Eraso, Xabier Alkizalete eta Ugaitz Mugertza.

Azken kanporaketa, berriz, Anizen jokatuko da urriaren 4an. Juanjo Erdozia, Aitor Urteaga, Jexux Etxeberria, Juan Carlos Lopez, Joxe Felix Zubizarreta, Iban Resano, Julen Kañamares, Arkaitz Jauregi, Goizeder Beltza, Xabier Garitaonaindia, Iñaki Agirre, Josu Aizpuru eta Xanti Olano arituko dira.

Harri-zulatzea

Harri-zulatzen Gipuzkoako Ligak amaiera izango du bihar Amezketan. Bi jardunaldi jokatu dira, eta jadanik txapeldun bat ere bada, azkeneko egunean zerbait gertatzen ez bazaio, behintzat. Jaizubiak eramango du lehenengo Liga hau.

Emozioa, ordea, bigarren postuari begirakoa izango da. Amezketa eta Altzo borroka bizian dabiltza. Bien artean oso alde txikia dago, eta bihar, 19.00etatik aurrera Amezketan jokatuko den saioan erabakiko da dena.

Joan den asteburuan jokatu zen bigarren jardunaldia, eta Jaizubia izan zen onena 10 zulo pasarekin. Amezketa izan zen bigarren, eta Altzo, berriz, hirugarren.

Bilboko Areatzan, berriz, gaur, 12.00etatik aurrera, Euskal Herriko Ligako saioa izango da. Gallarta, Trapagaran, Ortuella, Errekatxo, Txorierri, Kabiezes eta KZ Kolpeka neurtuko dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo