GARA > Idatzia > Kirolak > Errugbia

Top 14

Mamuak uxatzen hasteko, garaipena erdiestea ezinbestekoa du Biarritzek

J.L. | BIARRITZ

Biarritzek ezin du bigarren aukera alferrik galdu. Ligako lehen jardunaldian etxean, bere zaleen aurrean 12-24 galdu ostean, bigarren jardunaldian ere Agileran arituko da, eta zuri-gorriek oraingoan ezin dute hutsik egin, bestela azken bi urteotako mamuak berehala hasiko baitira agertzen.

Albi taldea izango da gaur Biarritzen, 16.00etatik aitzina. Frantziarrak azken urtetako estutasunik pasatu gabe jarraitu nahi dute onenekin, eta horretarako puntuak batzen jarraitzea ona da beraientzat. Irabaztea edo berdintzea handia litzateke gaur, baina puntu bat urratzea ere Albirentzat ez da txarra.

Euskaldunentzat, aldiz, dena kontrakoa da. Hauei irabazteak bakarrik balio die. Garaipena, eta erasoko puntu gehigarria ere lortuko balute, bikain. Lehen partida galduta, bigarrena galtzeak, eta biak etxean gainera, ondorio txarrak izango lituzke, azken bi denboraldi hauetan ez baitituzte helburuak bete, eta horretarako gaur lehen minututik erasora, eta garaipena erdiesteko itxaropen eta kemenarekin abiatuko direla iragarri zuen atzo Jean Michel Gonzalez entrenatzaileak.

Jokalariei dagokienez, Traille, Barcella eta Vahofalau itzuliko dira taldera, joan den astean ez baitzuten jokatzerik izan. Horiez gaien, aldaketa batzuk ere izango dira hamabostekoan. Lesgourgues eta Peyrelongue hamabostekoan sartuko dira, eta horiei lekua uzteko, berriz, Courrent eta Cibray kanpoan geratuko dira. Erinle, taldeko izar nagusietako bat ere, gaurkoan hasieratik arituko da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo