Juan Maria Sansinenea Makazaga Industri Ingeniaritzan doktorea
Luis Sansinenea Zurupe, EAE-ANVko gudari handi baten 100 urte
Une honetan, Euskal Herrian bizi dugun egoeran, beharrezkoa eta ona da Luis Sansinenea bezalako pertsonen profilei begirada bat botatzea. Figura xumeak baina, era berean, handiak. Herri honekiko konpromisoz beterikoak
Uztailaren 29an bete ziren 100 urte Luis Sansinenea Zurupe jaio zenetik. Donostiarra, garai hartan ohikoa zenez, dirua soberan ez zuen familia handi batean jaio zen. Ikasturteak Frantziar Eskoletan egin zituen. Toki horretan ezagutu zituen bere bizitza osoan bere lagun zintzoena izango zena, Mario Bellier, orain dela bi urte Parisen zendua.
Gerra Zibilak ia 27 urterekin harrapatu zuen Luis Sansinenea. Garai hartan bere lanbidearen oinarriak jartzen ari ziren: hortzetako aparatuetan teknikaria zen, Donostiako Sansinenea sendiko hainbat partaide bezala. Gerra Zibilak dena hankaz gora bota zuen eta, hainbeste kasutan bezala, bere lanbide zibila bazterrean utzi eta armak hartu behar izan zituen. Nahiz eta instrukzio edo esperientzia militarrik ez izan, azkar elkartu zen kolpe espainiar faxistaren aurka bildu ziren Donostiako abertzale eta errepublikazaleekin. Berak ezker abertzalearen hautua egin zuen, EAE-ANVko bigarren batailoian, Eusko Indarran. Batailoi horretan pasa zituen Gerra Zibileko hainbat pasarte latz eta gogor: Donostia, Irun, Zubeltzu, Buruntza, Zarateko Bentak, Murumendi, Markina. 1936ko azaroan, Luis Sansineneak Eusko Indarreko kapitain gradua zuen. Berarekin Joxe Azurmendi, Ramon Laniella, eta Sabino Oiartzabal kapitainak ziren. Batailoiaren komandantea Tomas Mitxelena zen. Geroago, Eusko Indarra Eskoriatzan eta Leintz Gatzagan eta Albertiako frontean aritu zen.
1937ko otsailean, Kandido Saseta Eusko Gudarosteko buruaren zuzendaritzapean, Euskal Brigadarekin Asturiasera bidali zuten. Fronte horretan, Arecesen hain zuzen, ezaguna denez, Saseta bera hil zen eta berarekin batera Eusko Indarreko ia ehun partaide, eta ia gehienek, oraindik ere, erori ziren tokian lurperaturik (Arecesko El Pradón de los Vascos delakoan) jarraitzen dute. Borroka latz horretan Luis Sansinenea zauritu egin zuten, baina bizia salbatu zuen. Asturiastik itzulia, Eusko Indarra, eta berarekin beti kapitain postuan Luis Sansinenea, Otxandio, Lekeitio (Gernikako bonbardaketa gertutik bizi izan zuen), Sollube, Bermeo eta Bizkargin ibili zen. Geroago, Gaztelumendi (Bilboko Burdinazko Gerrikoan), Artxandako Kasinoan, Portugaleten eta Balmasedan borroka egin zuen. Hortik Santanderrera pasa zen eta azkenik Santoñan espainiar faxistek atxilotu zuten. Bere ofizial gradua kontuan harturik, errebelamendu militarra salaketapean heriotza kondena zuen eta hainbat kartzelatan izan zen. Orduan, berriro ere, bizia salbatu zuen. Ez zen hori izan, ordea, bere lagun min eta bera bezala Eusko Indarreko kapitain Joxe Azurmendiren kasua. Azurmendi frankistek Derioko kanposantuan fusilatu zuten. Azkenik, Luis Sansinenea kartzela frankistetatik irten eta Donostiara itzuli zen. 1981ean hil zen, bere pentsaera politikoari eutsiz, hau da, abertzaletasunari, koherentzia osoari eutsiz.
Une honetan, Euskal Herrian bizi dugun egoeran, beharrezkoa eta ona da begirada bat botatzea Luis Sansinenea bezalako pertsonen profilei. Figura xumeak baina, era berean, handiak. Herri honekiko konpromisoz beterikoak. Gure aberriaren helburuak edozein alderdi politikoren interesak baino askoz lehenago jartzen zituztenak. Horiek ziren benetako gudari handiak eta ez orain polizia espainolei, gure herriaren suntsiketa bilatzen dutenei, batzuei deitzea gustatzen zaien bezala. Horiek, izatekotan, grandes policías españoles izango dira, inondik inora ez euskal gudariak. Beharrezkoa da, halaber, erreferentzia konparatibo bat egitea Luis Sansineneak bizi zuen garaiaren eta oraingoaren artean. Orain, lehen bezala, herri honek zanpatua eta bere eskubide nazionalak ukatuta jarraitzen du. Une honetan hainbeste hitz egiten den «biktimez» esan behar da horrela izendatzen dituztela Espainiaren batasunaren alde erori direnak bakarrik, eta ez beste aldekoak. Meliton Manzanas eta Luis Carrero Blanco espainiar faxista eta kriminalak ere «biktimak» omen dira. Frankismoan bezala, orain ere EAE-ANV ilegala da. Falange Espainola, frankismoan bezala, alderdi legala da. Falangek Euskal Herrian eragindako biktimen senideek ez dute biktimak kontsideratuak izateko eskubidea. Euskal preso politikoen senideak ez dira biktimak. Gaur egun Arartekoa, bere postuan mantentzen dutenak pozik izateko, ETAren jarduerarekiko ulerkor direnen inguruko ikerketa bat egiten ari da, baina ez du gauza bera egiten herri honetan torturaren alde daudenekin. Edo herri honen eskubide nazionalen aurka daudenekin. Jarrera horiek, orain, frankismoan bezala, ez dira larriak. Gaur egun, frankismoan bezala, «Espainia» kontzeptuaren aurka izatea da benetan larria. Frankismoan bezala, orain ere, espainiar faxista berriek arma guztiak erabiltzen dituzte kontzeptu horren aurka daudenekin: GAL, hilketa estrajudizialak, desagertzeak, torturak edo, sistemaren azken aurkikuntza, GAL juridikoa. Asko luzatu gintezke alderatze honetan, baina esandakoarekin nahikoa dela uste dut.
Bukatzeko, Luis Sansinenearen izaeraren bi zertzelada nahi ditut eman: pertsona optimista, atsegina eta maitagarria zen. Abesteko baritonoaren ahots fina zuen. Bere familia maite zuen horietakoa zen. Eta, batez ere, idealez eta balioz beteriko pertsona zen. Gaur egun, baliorik gabeko hainbeste pertsona ikusten dugunean, benetan esan behar dut: eskerrik asko aita, zugandik jasotako ereduagatik.