GARA > Idatzia > > Kultura

Mende laurdenaren ondoren, gori-gori dirau Tasioren txondorrak

25 urte joan dira Montxo Armendarizek bere lehenengo film luzea egin zuenetik. Aitzakia paregabea, garai hartan proiektu honen baitan Lizarraldean bildu ziren talde tekniko, artistiko zein herritarrak berriro ere elkartzeko. Urteurren hori ospatzeko, erakusketa, gala berezia eta herri-bazkaria prestatu dituzte irailaren hasierarako.

p040_f01_152x96.jpg

Ane ARRUTI | DONOSTIA

«Txondorra» aipatzean, berehalakoan «Tasio» datorkigu gehienoi burura. Izan ere, euskaldun askok eta askok film honen bitartez ezagutu zituen ikazkin lanbidearen zailtasun eta arriskuak. Montxo Armendarizen lehenengo film luzea izan zen «Tasio» eta Elias Querejeta izan zuen ekoizpen lanetan. Nolabait izendatzeko, «landa-drama» aukeratu zuen bere debuterako. Urbasa inguruan jaio eta hazitako mutikoa da pelikulako protagonista. Hamalau urterekin, familiaren beharrak direla-eta, ikazkin lanetan hastea erabakiko du eta ezkondu ondorenean, lanbide horrekin bakarrik familia mantentzeko gai ez, eta ezkutuko ehiztari lanetan hasiko da.

1984an estreinatu zen osorik Nafarroan filmatutako film hau eta 25. urteurrena ez dute besterik gabe pasatzen utzi nahi izan. Ospakizunak hiru ardatz izango ditu. Batetik, Lizarrako kultur etxean erakusketa bat antolatu dute eta irailaren 5etik 20ra ikusi ahal izango da. Filmaren erraiak gertuagotik ezagutzeko aukera eskainiko du, bertan izango baitira ikusgai, besteak beste, filmazioko argazkiak, gidoia, story board-a eta lanerako erabili zuten dokumentazioa.

Baina aspaldiko lagunen lehenengo topalekua Lizarrako Golem zinema aretoa izango da, bertan ospatuko baita irailaren 5ean pelikularen omenezko gala. Kilkarrak antzerki taldeak gidatutako ikuskizunean, filmeko pasarteak tartekatuko dira. Dagoeneko bertaratzea ziurtatu dutenen artean dira Armendariz eta Querejetaz gain: Patxi Bisquert (Tasio) eta Amaia Lasa (Paulina) protagonistak; Jose Mari Asin, Paco Sagarzazu eta Txema Blasco aktoreak; Jose Ramos zuzendari laguntzailea; Alfredo Mayo kameralaria; Anjel Illarramendi musikaren egilea eta Tasio eta Paulina adin ezberdinetan hezurmamitu zituzten aktoreak. Galak, modu anonimoago batean pelikulan parte hartu zuten hainbat eta hainbat herritar ere omendu nahi ditu, filmazioa gauzatu zen Ameskoa eta Lana ibarretako bizilagunak, hain zuzen.

Festa biribiltzeko, hurrengo egunean herri bazkaria egingo dute jaietan izango den Bakedano herriko frontoian, filmean agertzen den leku esanguratsuenetako batean hain zuzen ere. Egun horretan bertan, goizetik haurrentzako antzinako jokoak, txondor eta hiltzeko tresneriaz osatutako tradiziozko lanbideen feria eta «arte ilegalen» erakusketa ere izango dira.

GEHIGARRIA

Egunotako ospakizunez gain, Donostiako Zinemaldian banatuko den «Cahiers du Cinema» aldizkariak «Tasio» pelikulari buruzko gehigarri berezi bat plazaratuko du iraileko zenbakian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo