GARA > Idatzia > Iritzia > Ikusmira

Erakusleihorako hauteskundeak, ez demokrazia

Osteguneko hauteskundeen biharamunean, atzo alegia, hautestontzietako emaitzak jakin gabe ere, Hamid Karzai-k eta Abdullah Abdullah-k, Kabulgo Gobernuko Presidentetzarako hautagai nagusiek, beren garaipena iragarri zuten. Ezinezkoa da biek irabazi izana, jakina, hauteskunde libre eta garbiak izan direla erakustea bezain ezinezkoa, Mendebaldeak herrialdea normalizazio bidean dagoela frogatzeko egindako ahaleginak gorabehera. Hauteskunde horien iruzurra, susmoa baino areago, espero den zerbait da. Mendebaldeak eraiki duen alegiazko demokrazia ez dator bat hango errealitatearekin. Hasteko, erresistentzia lurraldearen parte handiaren jabe da, eta ez dirudi atzera egiten ari denik; ustelkeria da nagusi Administrazioan, eta langabezia eta pobrezia tasak izugarriak dira. Gainera, Afganistango herritarrak dira okupazio indarren erasoen eta errepresioaren biktima nagusia. Afganistango anabasaren erdian egindako bozaldiak herrialde hartan demokrazia dagoela adierazteko froga gisa aurkeztu nahi izan dituzte munduaren aurrean. Baina beti ere errealitatea gailentzen da. Izan ere, eta Robert Fisk analistak «The Independent» kazetan dioen bezala, demokrazia horrek ez du askatasuna bermatzen, eta Afganistanek, erakusleihorako hauteskundeak egin ondoren ere, askatasuna behar du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo