GARA > Idatzia > Kirolak > Txirrindularitza

Profesionalak

Tom Boonen etxetik hurbil itzuli da garaipenaren bidera

Belgikako txapeldunaren elastikoa estreinatu zuen Eneco Tourreko hirugarren etapan. Haimar Zubeldia bosgarren izan zen Irlandako Itzuliko lehen saioan.

p035_f01_555x555.jpg

GARA | DONOSTIA

Tom Boonen flandestarrak irabazi zuen Niel eta Hasselt herrien arteko Eneco Torreko hirugarren etapa. Boonenek Tyler Farrar eta Francesco Chicchi menderatu zituen esprintean eta Belgikako txapelduna bereizten duen elastikoa jantzita daramanetik aurreneko garaipena lortu zuen. Sailkapen nagusian ez dago aldaketarik eta Farrar estatubatuarrak jarraituko du lidergoan.

«Nire gurasoak begira izan ditut, nire jaiotetxearen paretik igaro gara eta egunero entrenatzen naizen parajeetan ibili naiz. Tourra oso gogorra izan zen, baina ondorengo asteetan gero eta hobeto sentitu naiz. Oraindik ere egun txarren bat izaten dut, baina gero eta gutxiago dira», adierazi zuen Flandria aldean jainkotzat duten txirrindulari indartsuak helmuga zeharkatu bezain laster.

Laugarren etapa korrituko dute gaur txirrindulariek Hasselt eta Libramont artean, 221,2 kilometroko ibilbidearekin.

Bestalde, Haimar Zubeldia bosgarren postuan sailkatu zen Irlandako Itzuliko aurreneko etapan. Garaipena Russel Downing britainiarrarentzat izan zen, eta Zubeldia segundo bakarrera sartu zen beste faboritoekin batera, Lance Armstrong estatubatuarra tartean zela.

Azkenik, Limousingo Tourra atzo amaitu zen Romain Feillu frantsesak irabazitako laugarren eta azken etaparekin. Sailkapen nagusian aldaketarik ez zen izan amaieran. Garaipena Mathieu Perget gaztearentzat izan da, David Arroyo eta Xavi Florencioren aurretik.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo