GARA > Idatzia > Kirolak > Mendia

Hobera egiten ari da

Mikel Elguizabal mendizalea Indiako erietxe batean dago neumoniak jota

GARA | NUEVA DEHLI

Mikel Elguizabal mendizale bilbotarra egoera larrian ingresatu zuten atzo goizean India iparraldeko erietxe batean. Ondoren, arratsaldean, New Delhira eraman zuten, Asiako herrialdeko iturri diplomatikoek baieztatu zutenez. Antza, Elguizabalek ongi erantzun die tratamenduei eta onera egiten ari da.

Gerardo Fuellok, New Delhiko Enbaxada espainolean behin-behineko kontsul denak, adierazi zuenez, Mikel Elguizabal mendi-ibiliak egiten ari zen India iparraldeko Himachal Pradesh estatuko mendietan, Himalaya mendikatetik hurbil. Fuelloren esanetan, gailur batetik jaisten ari zenean hasi zen mendizalea arazoak izaten.

Elguizabal beste herrialde batzuetako mendizaleekin zebilen ibilian, danimarkarrak gehienbat, eta Manali herrira jaistea lortu zuen, 2.000 metroko garaieran. Denborarik galdu gabe, bertako osasun-zentro batean ingresatu zuten aurreneko zaintzak eta tratamenduak jaso zitzan. Lehen informazio horien arabera, mendizalea «egoera kritikoan» iritsi zen erietxera, baina ondoren onera egin zuen, nahiz eta oraindik «larri» egon.

Arratsalde partean, hegazkin medikalizatu bat iritsi zen Kulluko aireportura, mendizale euskalduna zegoen herritik 40 bat kilometrora. Helburua Mikel Elguizabal ahalik eta azkarren arnas-gaixotasunetan espezializatutako New Delhiko erietxe batera eramatea zen.

Enbaxada espainola Elguizabalen familiarekin harremanetan jarri zen atzo bertan, bai eta Bilboko udal agintariekin ere. Mendizaleak 29 urte ditu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo