GARA > Idatzia > > Kultura

Musika Hamabostaldiak bost estreinaldi oso izango ditu Musika Garaikideko Zikloan

p042_f01_97x128.jpg

GARA | DONOSTIA

Datorren astelehenetik larunbatera Musika Garaikideko Zikloari ekingo dio Donostiako Musika Hamabostaldiak, eta bost estreinaldi oso izango dira bertan. Lau, egun Euskal Herrian ditugun konpositore nagusietarikoek sortutako lanak eta bosgarrena, Emanuel Nunes (1941, Lisboa) portugaldarrak konposatua.

Garaikideen ataleko koordinatzaile Ramon Lazkanok datorren ostegunean Kursaal aretoan izango den Nunesen presentzia goraipatu zuen zikloa aurkeztean, portugaldarrak sarri jaso izan baititu Europako sari nagusiak.

Zikloa etzi hasiko da, astelehenean. Bertan, Mario Caroli flauta-jotzaile italiarrak eta Bernhard Kastner piano-jotzaileak joko dute, eta Gabriel Erkorekaren (1969, Bilbo) «Muraiki» lana estreinatuko da. Bilbotarrak berak aitortu duenez gainera, Caroli flautista zuen buruan obra idaztean, eta, esan bezala, italiarrak berak emango du Donostian.

Asteartean Cuarteto Diotima taldeak bi kontzertu emango ditu eta Helmut Lachenmann konpositore alemaniarrak laukoterako sortutako hiru lanak joko ditu, adituen ustez, «egungo musikan ezinbesteko pieza». Asteazkenean zikloak atsedenaldia hartuko du eta ostegunean Cuarteto Diotimak joko du berriro. Gainera, aipatu Nunesen lana aurkezteaz gain, Zuriñe Gerenabarrenaren (Gasteiz, 1965) «Erantzungor» lana jasoko du Hamabostaldiak. Musikagileak «labirintikotzat» jotzen du bere lana, «musikak norabide ezberdinak hartu» eta bukaerara heltzea lortzen ez duelako.

Biharamunean, ostirala, Ensemble Recherche taldearen txanda izango da. Stefan Wolpe alemaniarraren lanez gain, Morton Feldman estatubatuarraren bi obra eta Mauricio Sotelo zein Jose Maria Sanchez Verdu espainiarren sorkuntza bana ere joko dituzte, emanaldi trinko eta interesgarrian.

Estreinaldi bikoitza

Gaur zortzi, zikloaren azken egunean, Ensemble krater euskal taldea izango da oholtza gainean, Irungo Iker Sanchezek gidatua. Gainera, bi euskal konpositoreen estreinaldi bana gauzatuko dute. Felix Ibarrondoren (Oñati, 1943) «Al ocaso» eta Leyre Agirreren (Irun, 1978) «Esquisse de mouvement», hain zuzen. Azken honek bere lanak izenburutzat daraman `mugimendu' hitza ahotan hartu eta «giza emozioez» mintzo direla azaldu zuen.

Astelehenetik larunbatera, bost zuzenekoak Kursaaleko erabilera anitzeko aretoetan izango dira, iluntzeko 20.00etatik aurrera, eta sarrera bakoitzak 6 euro balio ditu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo