GARA > Idatzia > Iritzia > Jo puntua

Ixabel ETXEBERRIA I Irakaslea

Elastikotasuna

Kanakian, ahulenen eskubideen defentsan ari den USTKEko lehendakaria, Gerard Jodar-i, justizia aldarrikatzen duen militanteari, urtebeteko espetxe zigorra ezarri diote. Epaiketa «zintzo», kolonialista baten ondoren zigortu dute. Condorcetek zioen zapalketa larriena legearen babesa duen zapalketa dela

Maxime Brunerie eskuin muturreko militantea da eta 2002an Jacques Chirac hiltzen saiatu zen uztailaren 14ko militar agerraldian. Ondorioz, epaitua izan zen eta hamar urteko zigorra jarri zioten. Zigorraren hiru laurdenak bete zituela-eta, aurtengo abuztuaren 5ean askatu zuten diskrezio handiz. Zigorra bete du eta askatu dute. Damutu al da? Eskuin muturreko ideiak baztertu al ditu? Egin zuena oker zegoela aitortu al du? Alegia euskal militante bati, frantses Estatuan ere, eskatzen zaiona bete al du? Alain Rouillan-i leporatzen diotena, alegia ez damutzea -horregatik berriz ere preso atxikitzen dutela-, eskuin muturreko tipo horri eskatu al diote zikinkeria hori guztia, kondenaren hiru laurdenak bete dituela-eta, era oso normalean askatu aitzin, horrenbesteko oztopo eta aitzakia jarri al diote? Ala eskuinekoa izateak babes ikaragarria ematen al du, frantses giza eskubide horien herrian, eskubide guztiak zapaltzen dituela? Estatu frantsesean ez dago justiziarik!

Aldiz, kolonia den Kanakian, ahulenen eskubideen defentsan ari den USTKEko lehendakaria, Gerard Jodar-i, justizia aldarrikatzen duen militanteari, urtebeteko espetxe zigorra ezarri diote. Epaiketa «zintzo», kolonialista baten ondoren zigortu dute. Condorcetek zioen zapalketa larriena legearen babesa zuen zapalketa zela. Horretan gaude Estatu frantsesean ere, epaile, polizia, helburu bera, boterean tinko jarraitzeko legearen tresna erabili, justizia bost axola! Kaniakako presondegietan presoen %97 kanakiarrak direla dio Gerard Jodarek «Libération» egunkariari eskaini dion elkarrizketa batean. 1988an Matignonen izenpetu zen akordioaren ondotik lasaitasuna itzuli zen Kanakiara, ondorioz uhartera kanpoko jende anitz joan zen bizitzera, eta lan egitera. Han lana aurkitzen dute, bertakoak baztertuz, kolonizatuak izan diren herritarrak, kanakiarrak, lanik gabe gelditzen dira eta akordioak eskaini behar zien babesa ez da gertatu, frantses Estatuak bakea ezartzea baizik ez baitzuen bilatzen.

Europe Ecologie bildu da Nîmes-en, ondoko hauteskundeak prestatzeko, oso jende interesgarria elkartu da bertan. Lehen helburua finkatu dute, milioi bat euro biltzea abendurako, erraz lortuko dutela diote, baina haiena oso diru garbia izanen dela ez da dudarik, ez diete brigada finantzarioa igorriko! Lehen helburu politiko gisa nahiko eskas gelditzen da, baina jo aitzina antolaketa zintzo eta sinesgarria izango da! Partaidetza bikoitza bultzatu nahi dutela diote, erran nahi baita Modemekoa izan daitekeela eta Europe Ecologie-koa, edo Alderdi Sozialistako eta EEkoa, edo Batasunekoa eta EEkoa (hau hipotesia baizik ez da, ez dugu galdetu, baina logikak...) nahiko eklektikoa ematen du proposamen honek, zeren batzuek ezkerreko jarrera bultzatu nahi lukete baina Cohn-Bendit-ek dio Modemekin joatea ez legokeela gaizki. Ez dute sozialistekin joatea aipatzen. Nahiko hautu politiko elastikoak ematen dute. Izena ere aldatu nahiko lukete ondoko hauteskundeak baino lehen, egokitu beharko dute. Europe Ecologie-tik, Aquitaine Ecologie-ra pasatuko dira behar bada. Autodeterminazioaren bidean...

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo