Afganistango emakumeen bozak behea jo du azken hauteskundeetan
AEBetako Armada Afganistan askatzera joan zela faltsukeria hutsa izan zela ondorioztatzea ez da zaila. Are gutxiago emakumeak pairatzen duen egoera ikusita. Azken bozketetan, emakumeen parte-hartzerik ia ez da izan. Talibanen mehatxua arrazoietako bat baino ez da.
GARA |
Bozkatzera zihoazenen aurka talibanek egindako mehatxuek, Afganistan osoan bizi duten diskriminazio bortitzak eta egungo agintariekiko mesfidantzak bultzatuta, emakumeek ia ez zuten bozik eman joan den ostegunean egindako presidentetzarako eta probintzietarako hauteskundeetan.
«Arrazoi asko genituen bozkatzeko, baina talibanek heriotzarekin egin diote mehatxu jendeari. Horrela, bada, bozkatzera joateko etxetik irteteko ere beldur ginen», azaldu du Naseema Naserik. Emakume honek GKE batentzat lan egiten du Kandahar hirian, talibanen gotorlekuan. Hauteskunde egunean Kandaharrek hiri fantasma baten itxura zuela onartzen du, kaleak hutsik eta inolako trafikorik gabe.
Ez bozkatzeko bestelako arrazoirik ematen duten emakumeak ere badaude, hala ere. 2004ko Presidentetzarako hauteskundeetan «oso pozik geunden eta interes handia genuen bozkatzeko», gogora dakar Fatimak. Kandaharreko eskola bateko langilea da, eta urte hartan Hamid Karzai presidentearen alde bozkatu zuen emakume honek. Ez du bere etsipena ezkutatzen: «Segurtasunak txarrera egin du, ehunka pertsona hil dira eta pobreziak eta langabeziak gora egin dute. Boterea indar arrotzen eskuetan dago. Ondorioz, oraingoan ez bozkatzea erabaki dut», azaltzen du.
Ameriketako Estatu Batuek talibanak boteretik kendu ostean Kabulen jarri duten Gobernuaren agintean ez du hobera egin emakumearen egoerak. Pastun etnia nagusi den hegoalde eta ekialdean hauteskunde probintzialetarako emakume hautagaiek burkarekin burua estalita aurkeztu behar izan dute. Probintzietako Batzordeetako eserlekuetatik heren bat emakumeentzat gorde dute oraingoan baina asko hutsik geratuko dira, batez ere Kandahar eta Uruzgan probintzietan. Soilik emakumeentzat eraikiak izandako 640 hauteslekutako ateak zabaldu ere ez zituzten egin bozetan.
Hautagaietako batek, Zarghona Kakarrek, argi dauka arazoa. «Izugarrizko arazo ekonomikoak ditu jendeak. Gizonezkoak etxean geratzen badira ezer egin gabe, ez diete inolaz ere utziko emakumeei politikan parte hartzen».
Eskolagabeak
Afganistango emakumeen %85 eskolagabeak dira. Pobreziak emakume izena duen honetan, munduko bosgarren herrialderik txiroena dugu Afganistan.
«Hurrengo Gobernua emakumearen heziketan buru-belarri sartzen ez bada, herrialde osoak jai du», ohartarazten du Arezo Qanih emakume feministak.
Abdullah Abdullah hautagaiak iruzur handia egitea egotzi dio Hamid Karzai presidentearen taldeari, batez ere Afganistango hegoaldean.