GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Sakabanaketa salatzea zilegi dela dio Lopezek, baina ez «biolentzia goratzea»

«Ez gaude adierazpen askatasuna mugatzen, terrorismo goratzea ekiditen baizik», dio Patxi Lopez lehendakariak manifestazioen debekuen aurrean. «Nahigabea» sentitzen omen du Gernikakoa bezalako oldartzeak ikusita, baina «legea» bete behar dutela nabarmentzen du.
p015_f02.jpg

GARA |

Donostiako jaietan, eta joan den astean Gernika eta Bilbokoetan izan diren debeku eta karga polizial bortitzek utzitako biharamunaren testuinguruan, Patxi Lopez lehendakaria «legea bete» besterik ez dutela egiten esatera mugatu zen berriro atzo ere, hain justu Estatu espainoleko egunkari nagusi guztietan emandako elkarrizketetan. PSEko lehendakariaren hitzetan, euskal preso politikoen seni- deek sakabanaketa politika salatzea edota euren eskubideak aldarrikatzea zilegi omen da, ez, ordea, «biolentzia edo terrorismoa goratzea». Baina galdetzean berak aipatzen duen muga hori zer dela-eta dagoen batzuetan toki batean eta besteetan beste batean, hori auzitegiek ezartzen dutela erantzutera mugatu zen Portugaleteko politikaria.

Estatu espainoleko egunkari nagusiek eta Euskal Herriko hainbatek Patxi Lopez lehendakariari egindako elkarrizketa bertsua argitaratu zuten atzo. PSE eta PPren arteko ituna, Estatu espainolean bi alderdion artean den konfrontazio egoera ikusita, «oasia» dela adierazi zuen Lopezek, baita alderdi jeltzalearekin harremanak leuntzeko ahaleginak egingo dituztela ere, datozen hilotan lantzen hasiko diren Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko zein Estatu espainoleko aurrekontuetan euren laguntza jasotzeko.

«Nahigabetua», baina...

Betiko lez, ezker abertzalearen aurka etenik gabe jarraituko dutela nabarmendu zuen lehendakariak, baita hautestontzietan ez duela egoterik izango azpimarratu ere.

Bestalde, euskal preso politikoen argazkien aurka abiaturiko ekinaldien eta manifestazioen debekuen gainean galdetu zioten egunkari guztiek. Galderoi erantzunez, presoak Euskal Herrira ekartzea aldarrikatzen duten manifestazioak ez direla debekatu behar adierazi zuen Lopezek, baina «horren eta ETA goratzearen arteko muga» oso mehea dela irizten diola gaineratu zuen. Muga hori, baina, Auzitegi espainolek ezartzen dutela azaldu zuen, nahiz eta azken debeku guztiak Lakuako Gobernuak bere kabuz egin dituen.

Azken asteotako karga bortitzek zerikusirik ez zuten herritarrak ere jo dituela ohartarazi ziotenean, «nahigabetua» sentitzen dela dio Lopezek, baina «legez kanpoko ezer» egiten ezin dutela utzi esatera mugatu zen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo