GARA > Idatzia > Kultura > Musika

KRONIKA | «Itoiz Suite», estreinaldia Bilbon

Bilbo beti da Bilbo eta Itoiz beti izango da Itoiz

Bilboko Aste Nagusiaren bigarren larunbata. Oraindik ere azken parranda egiteko indarrez batzuk. Guggenheimgo kanpoaldea, berriz, inoiz baino jendetsuago. Bilboko Orkestra Sinfonikoak hogei bat urteko oroitzapenen bidaian murgilduko ditu aspaldian topo egin gabeko aurpegi ezagunak.

p040_f01_148x44.jpg

Ane ARRUTI I

Ez zuten gehiegitan entzungo «beste bat, beste bat» BOSeko kideek. Horietako batek, duela asko bada ere, bai ordea, eta larunbatean, Foisis jaunak zirrara hori berriro ere bere larruan sentitzeko beta izan zuen. Kontrabaxua eskuetan hartuta, hainbeste plazatan errepikatutako ereserkiak zituen atrilean, Juan Carlos Perezek urtebete luzez egun horretarako moldatuak. Ikusle artean ere, BOSen kontzertuetan ezohikoak diren hainbat eta hainbat lagun zahar. Kubatik egun horretarako etorritako Matxitxa, esaterako. Itoiz taldearen ekoizle baino askoz gehiago izandako mutrikuarrak 15 urte daramatza Atlantikoaren beste aldean baina ez zuen hitzordu honetan hutsik egin nahi izan. Berarekin zen Jimmy Arrabit ere, Itoizko bateria-jotzailea izandakoa. Eta ikusleen artean ere bai, besteak beste, Edorta Jimenez eta Kirmen Uribe idazleak, Rafa Rueda musikaria, Elkar diskoetxeko Anjel Valdes, Sonia Polo txupinera eta Joseba Solozabal pregoilaria... Guztiak adi, «esperimentu» berri honen emaitza ezagutzeko jakin-minez.

Lasai hasi zen kontzertua, Ives eta Sibelius konpositoreen obra banarekin. «Ezekielen prophezia» kantuaren lehen notak entzun bezain pronto «hau bai!» bota zuen gazte batek. Hainbeste denbora eta gero, Itoiz egarriz zegoen jendea. Jesus Mari Lazkanok muntatutako itsaso zakarrez astindutako arrantzaleen irudiek eman zioten sarrera, ondoren, «Marea gora» indartsuari eta Marilynen swingak dantzan jarri zuen bat baino gehiago, «Goizeko deiadar/Lo egin» kantuekin jarraituz. Rock izarren gisan, ke artean etorri zen «Lau teilatu» hita eta ordura arte mingainari kosk eginda zeudenak ezin izan zioten kantatzeko gogoari eutsi. «Hegal egiten/Foisis jauna» agertzen zen programaren hondarrean baina honelakoetan gertatzen den bezala, sorpresak ere etorri ziren. Juan Carlos Perez eta Joxe Garate «Foisis» -momentuko urduritasuna agerian uzten zion ahots dardaratiaz-, «Zati txiki bat La m-en» abestera aurreratu ziren taula gainera BOSko arpa eta flauta batez lagunduta, «Itoizko taldekide berriak». Txalo zaparraden arteko jendearen eskaerari erantzunez, «Lau teilatu»ren bisak borobildu zuen kontzertua.

Amaieran, irribarreak, besarkadak eta kontu zaharrak gogoan taula atzealdean. «Oso hunkigarria izan da, aberatsagoa», esan zigun Matxitxak. Perez eta Foisisen aurpegietan ere, lasaitasuna eta poza islatzen zen. «Bilbo beti Bilbo» esan zuen Perezek kontzertu amaieran, eta argi dagoena da Itoiz beti izango dela Itoiz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo