Irratiaren sortzaile-izaera aztertuko dute Artelekun, gaur hasiko den tailerrean
GARA |
Donostiako Arteleku arte zentroak «NO DIAL: artea euskarri fantasma batean» izeneko tailer bat garatuko du gaur hasita eta irratia ardatz hartuta. Tailerrak «komunikabide honek artelanen euskarri izateko dituen aukerak gogorarazi eta berraztertzea» du helburu nagusien artean.
Ekimena lau jardunalditan zehar garatuko da, eta parte-hartzaileak «egun formaz eta metodoz aldaketa prozesu sakon bat bizi duen eta etorkizunean ere aldaketa bortitzak izango dituen komunikabideari» adi egongo dira. Modu horretan, obra artistikoentzako euskarri gisa irratiak eskaintzen dituen baliabideak aztertzeaz gain, klase teorikoak entzungai, kontzertu, hitzaldi eta besterekin aberastuko dituzte bost egun iraungo duten tailerren bitartez.
Ekimena musika-sortzaile, soinu artista edo komunikabide eta sorkuntzarako tresna gisa irratian interesa izan eta sakondu nahi duen orori irekita dago, doakoa da eta bertan parte hartzeko «egitasmo proposamenak bidali beharko dira» Artelekura, bai formatu tradizionaletan bai berriagoetan (podcast, streaming, eta abar).
Ikastaroa Oier Iruretagoiena, Xabier Erkizia eta Miguel Alvarez-Fernandezek -egun Radio Clasica (RNE) kateko Ars Sonora saioko zuzendaria- koordinatuko dute eta gonbidatu gisa Jose Iges eta Alessandro Bossetti soinu artistak ere bertan izango dira, lan handia egindakoak baitira irratiak sortzaile-senetik dituen aukeren inguruan.
Izena emateko epea abuztuaren 10ean bukatu zen eta tailerra ostirala 28ra arte luzatuko da.
Egitaraua
Tailerreko saioak goizez eta arratsaldez burutuko dira, eta saio praktikoak ere garatuko dituzte parte-hartzaileek, taldeka, ondoren analisi kritikoak eta emaitzak aztertzeko. Gainera, gaur Jose Igesek hitzaldi bat emango du, Miguel Alvarez-Fernandezek bi, bihar eta ostegunean, eta bukatzeko, Alessandro Bosettik azkena ostiralean. Modu horretan etorkizunera so izango dira sortzaileak.