GARA > Idatzia > Iritzia > Gutunak

Iñigo Lamarca Iturbe Arartekoa

Giza eskubideak errespetatuz hezi

Nabarmena da polemika handi samarra sortu duela Ararteko erakundeak plazaratu duen terrorismoaren biktimei buruzko txostenak. Horren harira egin diren hainbat adierazpen, alabaina, ez dira zehatzak edo ez dute informazioa zuzenean txostenetik hartu edo prentsak jasotakoaren gaineko komentarioak dira. Zilegi da, edonola ere, kritikak egitea eta prest nago kritika horien arabera gure lanean egindako hutsak zuzentzeko eta behar diren hobekuntzak egiteko. Baina penagarria eta bidegabekoa iruditzen zait txostena eta ni neu kritikatzeko funtsik gabeko argudioak, edo are okerrago irainetik gertu dauden hitzak, erabiltzea. Ni «postfranquismo»arekin lotzea bezala. Zintzotasun intelektuala eta zehaztasuna eskatu nahi ditut astakeria izugarri horren aurrean.

Horrez gainera, bi azalpen eman nahi ditut. Elkarrizketa batean erabili nuen «berrezi» hitza dela-eta nire ideien aurkakoak diren interpretazioak egin dira. Zenbait diskurtsotan (feminismoarenean esaterako) erabiltzen den hitz horrekin esan nahi nuena zen giza eskubideak (giza eskubide guztiak eta guztienak) errespetatzeko lan handia daukagula oraindik egiteko Euskal Herrian, adin txikikoekin, baita helduekin ere, eta hein horretan guztiok dugula (nik ere bai) zertan hobetu. Azken finean giza eskubideen aldeko heziketa eta prestakuntza, hemen eta herrialde guztietan, bizitzan zehar etengabe egin beharko genukeen zeregina da, eta espero dut helburu horrekin guztiok bat egitea.

Aipatu polemikan protagonismo berezia izan du ikasleei egin zaien inkestan haiek eskolatuak dauden hizkuntza ereduari dagokion faktorea erabiltzeak. Eskoletan galdetegia egiteko orduan faktore asko erabili dira, hori barne, ohikoa denez. Inkestaren emaitzak zehaztasunez eta aurreiritzi ideologikorik gabe interpretatuz gero, ez dago argudiorik D ereduaren aurka egiteko eta hau argi eta garbi esan dut eta esango dut txostenari buruz hitz egiterakoan. Aitzitik, D ereduari buruzko zenbait aurreiritzi eta estereotipo interesatu deuseztatzeko argudiorik eman diezaioke aipatu inkestak hori behar bezala irakurtzen duenari. Azken gauza: ez diot inori inola ere onartuko nire euskaltzaletasuna auzitan jartzea eta are gutxiago euskararen aurkako jarrerarik leporatzea. Eta euskaldun guztiona den euskara inork beretzat jabetu nahi izatea ere ez dut onartuko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo