GARA > Idatzia > > Euskal Herria

BABko autobus errailaren aldeko ekimena, larunbatean

Baiona, Angelu eta Biarritz hirien arteko autobus sarea indartzeko Hiri Elkargoak sortu duen autobus errailaren kontrako protestek, bereziki saltokietako arduradunenak, zabalkunde handia izan dute azken hilabeteotan. Oraingoan, berriz, garraio publikoaren garapenarako plan orokorraren barnean kokatzen den errailaren sorkuntzaren aldekoek antolatu dute ekimena. Larunbatean autobus errailaren ibilbidea egingo du bizikletaz Bizi! mugimenduak.

p016_f01_148x100.jpg

GARA

«Bai Chronobusari, bere hobekuntzari eta bere garapenari!» da Bizi! ekimenak larunbatean zabalduko duen mezua. Autobusak hirietan zehar arinago ibiltzeko Garraio Publikoen Sindikatuak autobus erraila sortu du Chronobus sarearentzat. Autoentzako errail bakarra geratzean eratu ohi diren ilarak direla-eta sortu ziren arazoak. Auto pilaketa horiengatik dendetan salmentek behera egin zutela-eta, merkatariak errailaren kontra agertu ziren.

Bizi! mugimenduak, berriz, klima aldaketaren aurkako ekimenak beharrezkoak direla adierazi du, eta horregatik garraio publikoa bultzatzeko balio duen autobus errailaren eta Chronobusaren alde agertu da.

Bere ikuspuntua argi adieraziz gutun irekia igorri die kolektiboak Angeluko saltzaileen elkarteei. Bizi! mugimenduaren iritziz, asmo hori babestu eta ahalik eta modurik azkar eta zabalenean garatu beharrekoa da, kontuan hartuz zer-nolakoa den garraiobide indibidual eta kolektiboen egoera BAB eremuan, eta zein diren komunitate zientifikoak berotegi efektuko gasen isurketari aurre egiteko aholkatzen dituen helburuak, garrantzitsu bezain premiazkoak.

Larunbatean Kophenagen bilduko den E-100 gailurraren karietara, Bizi!-k ekimena antolatu du BAB mailan. «Gomitatzen ditugu autobusei eta txirrindulei erreserbatua den bideari lotuak direnak ozenki beren iritzia ezagutaraztea txirrindulazko ibilaldian parte hartuz». Hitzordua larunbatean izango da. Arratsaldeko hiruretan Baionako herriko etxearen paretik abiatu, eta errailari jarraituz, Angeluko udalean bukatuko dute itzulia.

Arazoak konpontzeko bidean

Angeluko saltokiek egindako deiei eta salaketei erantzunez, Herriko Etxeak errailaren aldeko apustua berresten duela jakinarazi du. Nabarmendu du, halaber, dendarien alde egiteko Udalak ordainduriko komunikazio kanpaina indarrean egon dela uda osoan.

Autobus zerbitzu berriak izan duen arrakastaren berri eman du Udalak. Abuztuaren lehen asteko datuak hartuta, eta aurreko urtekoekin alderatuta, erabilera %33 hazi da, eta larunbatean, zerbitzua dohainik den egunean, hazkundea %50era iritsi da.

Horiek horrela, errailaren desagerpena ez dutela aukeratzat hartzen adierazi dute erakundeek, baina probaldian dagoenez, hobetu daitekeela. Hobekuntza horiek hitzarmen bidez garatzeko ekainetik bi astean behin biltzen ari dira CABAB -Baiona, Angelu eta Biarritz Hiri Elkargoa-, Garraio Publikoen Sindikatua e eta saltzaileen elkarteak.

Zenbait aldaketa eginak izan dira jada; hilaren erdialdetik Saint-Jeaneko bidegurutzean autoentzako beste errail bat dago; izan ere, ondorioztatu baitzuten auto ilarak gurutzeguneetan sortzen ziren arazoen ondorio zirela. Egun, Bernineko bidegurutzeko arazoa ari dira aztertzen. Chronobusaren sistema eta autobus errailen sorkuntza garatzeko asmoa agertu dute erakundeek.

gehienak autoz

Errailaren sorkuntza CABABk garraio publikoa garatzeko duen egitasmoaren barnean kokatzen da. Egun, hiru hirien arteko joan-etorrien %80 autoz egina da. Egitasmo berriaren bidez, gas emisioak murriztu nahi ditu Hiri Elkargoak.

BIZI!

Bizi! mugimenduak errailarekin bat egiten duela adierazi du: «Chronobusa atxiki behar da, gainera hobetu eta ibilbidea zabaldu behar dela uste dugu. BABen autoari eskainia zaion espazioa txikitu behar da».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo