Iruñeko belaunaldi arteko udalekuek haur eta adinduak elkartuko dituzte
Iruñeko Amma Argaray egoitzak haur eta adinduen arteko topaketak antolatu ditu aste honetarako. Hala, egitasmo honen helburua zeharo urruti dauden belaunaldien arteko erlazioak sustatzea da, diotenez, «batzuentzako eta besteentzako onuragarria» izango baita.
GARA
Haur eta adinduen arteko topaketak abian jarri ditu aste honetan Iruñeko Amma Argaray egoitzak. Hala, datorren ostiralera arte, haur eta nagusiek ekitaldi eta jolas anitz tartekatuko dituzte bai egoitzan, bai kanpoan. Ekimena lagungarria izango da, bata bestetik hain aldenduta dauden bi belaunaldiok elkarrengana hurbiltzeko eta elkar hobeto ulertzeko.
Antolatzaileek adierazi dutenez, ume eta adinduen arteko topaketa hauek batzuentzako eta besteentzako «onuragarriak» izango dira, biei mesedea egingo baitie. Adituek diotenez, mota honetako ekimenak «adinduentzako oso onuragarriak izaten dira, haurrekin kontaktuan egoteak aldartea eta umorea hobetzen dielako». Haurrentzako ere oso mesedegarriak omen dira topaketak, beren aiton-amonak eta orokorrean adineko pertsonak hobeto ezagutzen laguntzen dielako. Horrek adinduen inguruan dituzten estereotipo txarrak alde batera uzten lagunduko die.
Egoitzaren bozeramaileek adierazi dutenez, topaketak aurrera eraman ahal izateko egun hauetan umeek klaserik ez izatea ezinbesteko zen. Era horretan, guztira 6 eta 12 urte bitarteko hogei haurrek parte hartuko dute ekimenean. Gehienak Amma Argaray egoitzan bizi diren pertsonen bilobak eta zentroko langileen seme-alabak dira.
Hala, kasu askotan haurrak eta nagusiak lehendik elkar ezagutzen dute, eta hein horretan, aiton-amonek beren bilobekiko harremana estutzeko aukera paregabea izaten dute.
Egun hauetan guztietan, haur eta adinduek era askotako jarduerak izango dituzte, ludiko eta kulturalak, hala nola: eskulan tailerrak, jolasak, kirol lehiaketak, norgehiagokak, jinkanak, ipuin-kontalariak, txangoak eta mozorro festak, besteak beste.
Gainontzeko udalekuak bezala
Azken batean, Amma Argaray egoitzako arduradunek haurrek udako beste edozein udalekutan egingo lituzketen ekitaldi eta jolasetan parte hartzea nahi dute. Dena dela, udaleku honetan txikiek jarduera horietan guztietan beren aiton-amonak izango dituzte alboan, hala, bi belaunaldion arteko harremana hobetu eta sendotuko delarik.
Gainera, aurtengo udalekuetako antolatzaileek pertsona adinduen bizi kalitateaz arduratzen den Nafarroan sorturiko elkarte baten laguntza jasoko dute zeregin horretarako. QPEA izeneko fundazioa mundu osoan halako ekimenak abiarazteaz arduratzen da. Zehazki ekimen honetan, adibidez, QPEAko adituek aste honetan zehar egoitzan haurrekin izango diren begiraleak kontratatuko dituzte eta beren lana nola egin behar duten azalduko diete.
Guztira, 6 eta 12 urte bitarteko hogei haurrek parte hartuko dute udaleku hauetan. Gehienak egoitzan bizi diren pertsona adinduen bilobak edo zentroko langileen seme-alabak dira.