GARA > Idatzia > Iritzia > Editoriala

Aresen «balantze positibo» tristea

Patxi Lopezen Gobernuak iragarritako «lehentasunetako» baten zerbitzurako kanpainak -Nafarroara zabalduta eta espainiar aparatu judizialaren laguntzarekin- euskal herrietako jaiak izan ditu agertoki nagusia. Rodolfo Ares Barne sailburuak atzo, Hego Euskal Herriko hiriburuetako jaiak bukatu bezain laster, Ertzaintzaren jardueraren balantzea egin zuen. Espero izatekoa zenez, sailburuak «oso positibotzat» jo zuen jarduera hori. Ez alferrik, hedabide ugari izan ditu kanpaina horren sostengu, iritzi publikoaren aurrean, Ares eta oro har Lopezen Gobernua etengabe txalotuz. Esate baterako, euskal preso politikoen egoera salatzea, burujabetzaren aldeko aldarrikapenak eta are adierazpen askatasunaren alde agertzea bortizki jazartzea bizikidetza baketsua lortzeko jardun gisa aurkeztuta.

Lakuako Barne sailburuak udalei eskatu zien txosnak jartzeko baldintzak gogortu ditzatela, legea nork ezartzen duen argi utzi nahian edo. Halaber, herritarrei eskatu zien euskal presoen argazkiak erakusten dituzten tabernetara ez sartzeko. Taberna horietara -beste edozeinetara bezala- ez sartzea guztiz zilegi da, haietara sartzea bezain zilegi; hala ere, eskaera hori zeharo lekuz kanpo dago sailburu baten ahotan. Taberna batera edo beste saltoki publiko batera sartzea edo ez herritarrei soilik dagokien erabakia da. Ez da horren bitxia, ordea, sailburuak Ertzaintzaren jardunaren «neurritasuna» goraipatu izana, Villabonatik Bilbora, Gernikan zehar, zauritu ugari eta sumindura arrasto nabarmena utzi baditu ere. Zenbait alderdik, beren aldetik, errepresio hori kritikatu zuten, hala nola EAk eta EAJk. Azken alderdi horren GBBeko presidente Joseba Egibarrek, ordea, Ertzaintza jai eremuetara sartzea kritikatu bazuen ere, «besteen probokazioak» ere salatu zituen, duela dozenaka urtetik egin izan duten bezala, eskubideak aldarrikatzea probokazioa balitz bezala.

Lakuaren propaganda-kanpainaren lehen balantze tristea izan zen atzokoa, demokraziaren defentsa gisa aurkeztua, baina demokrazia izendapen hutsean utzita.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo