GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

HARRI-ZULATZEA

Txorierrik txapela eta marka lortu ditu

p038_f02.jpg


J.L. | DONOSTIA

Txorierrik irabazi zuen Bilbon jokatu zen Euskal Herriko Ligako saioa, eta amaitzeko jardunaldi bat besterik falta ez denean, txapela segurtatu egin du. Hori dena gutxi ez eta, harri-zulatzen Liga honetan inoiz egin den markarik handiena ere egin zuen, 22 zulo pasa egin ostean. Orain arteko marka Jaizubiak zeukan 21 pasarekin.

Ezusteko gutxi izan ziren azken-aurreko saio honetan. Txorierrik lan erdietatik aurrera erabateko nagusitasuna erakutsi baitzuen eta bigarren sailkatu zen Gallartari sei zuloko aldea kendu zion.

Egon zen ezusteko bakarra Burdin Gazteak taldeak eman zuen, eta ez onerako, gainera. Orain arte sailkapeneko aurreko postuetan ibili da, baina baja batzuk izan zituen taldean, eta azken-bigarren amaitu zuen Bilbon.

Aipatzekoa izan zen KZ taldearen lana ere. Talde hori emakumezkoek bakarrik osatzen dute, eta nesken beste talderik ez dagoenez, mutilekin batera ari dira lehiatzen. Azken postuan amaitu dituzte orain arteko proba guztiak, baina saioz saio beren markak hobetzen ari dira, eta hori seinale oso ona da. Beraz, Txorierri izan da onena 22 zulo eta 3 zentimetro eginda. Bigarren Gallarta 16 zulo eta 1,5 zentimetrorekin; hirugarren Kabiezes izan da 15 zulo eta 6,3 zentimetrorekin; laugarren Trapagaran 15 zulo eta 3,5 zentimetrorekin; bosgarren Errekatxo sailkatu da 14 zulo eta 2 zentimetrorekin; seigarren Burdin Gazteak 13 zulo eta 4,8 zentimetrorekin, eta azkena KZ Kolpeka 6 zulo eta 2,3 zentimetrorekin.

Sailkapen nagusian, Txorierrik jadanik txapela segurtatuta dauka, eta 52 puntu dauzka une honetan. Bigarren postua ere Gallartak segurtatuta dauka 47rekin.

Jaizubia, Gipuzkoan

Gipuzkoako Liga, berriz, herenegun amaitu zen Amezketan, eta ez zen inongo ezusterik izan, Jaizubiak lortu baitzuen azkeneko jardunaldian ere nagusi izatea, eta beraientzat izan da lehenengo txapel hau.

Altzo izan zen bigarren, eta hauek lan bikaina egin zuten, estu eta larri hartu baitzuten Jaizubia, eta zentimetro gutxi batzugatik bakarrik lortu ahal izan zuten azkeneko saioko garaipena. Amezketa izan zen azkena, baina hauek ere aurreko markak ondu egin zituzten.

Jaizubiak 9 zulo eta 9,5 zentimetro egin zituen; Altzok 9 zulo eta 6,5 zentimetro, eta Amezketak, berriz, 8 zulo. Hogei minutuko lana izaten da Gipuzkoako Ligan, eta hamar minutu gehiago izaten dituzte Euskal Herriko Ligan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo