Usurbilen, euskarazko antzerki esperimentalari buruzko topaketak egingo dituzte irailean
I. Topa Eszenika, euskarazko antzerki esperimentazioko tailer eta ikuskizunen topagunea antolatu dute irailerako, Usurbilen, antzerkizale eta antzerkilarientzat, bereziki, baina herritar guztiek gozatzea espero dute.
GARA | DONOSTIA
Badira bi urte Usurbilen Kale Antzerki Eguna ospatzen dutela. Esperientzia honek herrian izan duen arrakasta ikusirik eta Aulestiko Artedrama Euskal Laborategian eta Zarautzen egindako «Brainstorming» ekimenaren ondotik, beste pauso bat ematea erabaki dute orain, eta antzerki topagunea antolatu dute, datorren irailaren 3tik 6ra egiteko.
Lehenengo Topa Eszenikan antzerki esperimentazioko tailerrak izango dira batetik, eta ikuskizun egitarau oparoa prestatu dute, bestetik. Tailerrak Sutegi kultur etxean izango dira eta antzerki-antropologian eta Mendebaldeko tradiziozko antzerkian aditua den Ander Lipusek zuzenduko ditu. Horretan lagun izango ditu Ainhoa Alberdi aktorea eta sorkuntza-dantzan aritzen den Maider Oiartzabal, besteak beste. Antolakuntzako kideek azaldu dutenaren arabera, tailerretan parte hartzeko matrikula egin behar da, eta izena eman nahi duenari ahalik eta azkarren egiteko gomendatzen diote, plazak mugatuak direla-eta. Irailaren 2an amaituko da aurreko astelehenean izena emateko abiarazitako epea. Antzerki esperimentaziorako tailer hauek Sutegin izango dira, bai goizez eta bai arratsaldez. Sorkuntza dantza, soin adierazpena, antzezpena edota joko eszenikoa izango dira jorratuko dituzten gaietako batzuk.
Herritarrei irekia
Hala ere, Usurbilgo herritarrei zabaltzeko bidean ikuskizunek izango dute indar gehiago. Herriko hainbat gunetan zehar barreiatuko dira ikuskizunak, esate baterako, Sutegin, Udarregi ikastolan, Artzabalen, etab. Topaketetako lehen egunean, hots, irailaren 3an bi antzezpen eta liburu aurkezpen bat izango dira. Borja Ruiz idazleak «Aktorea XX. mendean: teknika estetikaren bila» liburua aurkeztuko du, sortzaile eszenikoei buruz egin duen ikerketaren berri emanez. Horrez gain, antzezlan pieza laburrak ikusi ahalko dira Sutegiko kultur etxean eta «Gernika heriotza» antzezlana Udarregi ikastolako patioan.
Hurrengo egunetan ere izango dira ikuskizunak. Ostiralean helduentzako ipuin kontaketa egingo du Ixabel Agirresarobek. Larunbatean, aldiz, bakarrizketa barregarrien txanda izango da. Jon Urraza izango da, egun horretan, «Apartamentua» eta «Neure itu maitia» lanak taularatuko dituena. Hitzorduaren azken egunean, igandean, «Herioa eta dontzeila» antzezlanaren irakurketa dramatizatua eskainiko dute Sutegin, Ramon Agirre, Itziar Ituño eta Asier Sota antzezleekin.
Topaketen harira, herriko hainbat gunetan eskainiko dituzte ikuskizunak, Sutegiko kultur etxean, Artzabal eta Udarregiko ikastolan ikusi ahalko dira, besteak beste, antzezlan eta ipuin kontalariak.
Tokia: Usurbilen. Sutegi kultur etxean, Artzabalen, Udarregi ikastolan, etab.
Data: Irailaren 3tik 6ra bitartean.
Antolatzaileak: Txerriki antzerki taldeak eta Artedrama.