Aizkora Kanporaketa
Ohian Larretxeak eta Arkaitz Olanok finala jokatzeko txartelak lortu dituzte
J.L. | DONOSTIA
Gazteak indartsu datoz, eta argi ikusi zen herenegun Gorritin jokatu zen Euskal Herriko Hirugarren Mailako aizkolarien lehenengo kanporaketan. Ohian Larretxeak, Donatoren semeak, irabazi zuen. Bigarren Olano izan zen, eta biek lortu zuten finalerako txartela.
Lau kana-erdiko erdibitu behar izan zituen aizkolari bakoitzak, eta 12 kirolari izan ziren lehian. Hiru txandatan neurtu ziren, aldi bakoitzean lau aizkolari ari zirela.
Gazteak ziren irabazteko faboritoak, eta haiek egin dute aurrera. Larretxea, Olano, eta Saralegi, hirurek ere aurten egin dute gazte mailatik jauzia, baina maila handiko aizkolariak dira, etorkizunean puntan ibili behar dutenak, eta lehenengo biek lortu zuten finalerako txartela.
Bestea, Saralegi, alegia, laugarren geratu zen, baina agian zaleek itxaroten zutena baino denbora apalagoa egin zuen leitzarrak. Berriro ere Hirugarren Mailan jarraitu beharko du, baina etorkizun handia dauka honek ere. Oraindik beste bi multzo geratzen dira kanporaketa jokatzeko. Haietatik ere bina sailkatuko dira finalerako.