GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Traba psikiko nahiz etnikoen gainetik, haurra eskolatzea funtsezkoa da bere etorkizuna bermatzeko

Gutxiengo etniko bateko kide izatea, edo ezintasun fisiko nahiz psikiko bat pairatzea askotan nahikoa arrazoi izaten da aurreiritzien eta bazterketen biktima izateko. Euskal Herrian asko dira horiek gizarteratzearen alde lan egiten duten elkarteak. Prozesu hau normaltasunez gerta dadin haur horiek beste haurrekin batera eskolatzea oso garrantzitsua dela nabarmendu dute.

arp_giz.jpg

Oihane LARRETXEA

Eskola beste begirada batzuetatik» izenpean aurkeztu zuten atzo Donostiako Miramar Jauregian integratzaile izatea xede duen eskola eredua. Xedea, hain zuzen, geure gizartean gutxituak dauden taldeek berezkoak dituzten ezaugarriak kontuan hartuta, eta unean uneko baldintzak aintzat hartuta, normaltasunean oinarritutako elkarbizitza bat aurrera eramatea da. Arraza dela, edo ezintasun bat dela, hamaika dira ikasgeletan topatzen dituzten zailtasunak.

Gaur egungo bizimoduan jatorri ezberdinetako jende nahasketa ohikoa izan arren, kolektibo batzuek «izen txarra» dute, eta honek eragina izaten du egunerokotasunean.

Hiru errealitateren azalean sartuta, ijitoak, sahararrak eta ezintasun psikikoak dituzten haurrak izan zituzten hizpide EHU-UPV-ko udako ikastaroetan egindako mahai inguruan. Aditu bakoitza bere ikuspegitik eta bizipenetatik gizartean barneratzearen prozesu luzeaz mintzatu zen.

Borondatearen garrantzia

«Talde gutxitu bateko kide izatea batzuetan gauza gogorra da pertsona horrek jakin badakielako bere baldintza horren inguruan dagoen ezkortasuna», adierazi du Rafaela Jimenezek. Berak ondo ezagutzen ditu ijito izateak dakartzan zailtasunak. Aurreiritzien aurka egiten du Gao Lacho Drom elkartetik.

Hain zuzen, aurreiritzi horiek desagerrarazteko norberak borondatea izan behar du esaten diren gauzak hala ez direla erakusteko. «Haur ijitoak gatazkatsuak direla esaten da, eta askotan horrela da, baina baita besteak ere. Arazoa izaten da ez dutela zuzentzeko borondaterik erakusten».

Aali Salem idazle eta kazetari sahararra ere ados azaldu zen iritzi horrekin, baina ezberdintasun nabari batekin. «Haur sahararrak, esaterako, eskolara joateko ohitura oso barneratuta dute, badakite hezkuntza ezinbestekoa dela bizitzan aurrera atera ahal izateko».

«Ijitoen kasuan, haurrekin bereziki, oso garrantzitsua da erreferentzia izango den pertsona aurkeztea, alegia, hezkuntza jaso, eta lanbide bat eskuratu duen pertsona nagusi baten irudia adibidetzat ematea», azaldu du Jimenezek.

Izan ere, ijitoen artean, eskolatu arren, arrakasta tasa oso txikia izan ohi da, hain zuzen, «ez dutelako uste ondorenean etorkizun oparoa jorratzeko baliagarri izango denik». Gainera, oso gazte ezkontzen direnez, «batez ere emakumeak, oraindik nerabe direnean, etxean gelditzen dira seme-alabak hezteko».

Ijitoek eta atzerritik etorritakoek dituzten zailtasunez haratago, mahai-inguruan ezintasun fisiko nahiz psikikoak dituzten haurrak eskolatzeko oztopoez ere mintzatu ziren. Eguzkiñe Etxabek, hamaika lankiderekin batera, FEVAS elkartetik adimen urritasuna duten haurrei eta beren senideei eskolan integratzen laguntzen die.

Familia haurra jaiotzen den unetik bideratzen dute, babesa eman, eta zein urrats eman behar dituzten azaltzen diete. Baina Etxabek nabarmendu du zailtasunak, batez ere, eskolatik irtetean iristen direla. Etxaberen hitzetan, «Lehen eta bigarren hezkuntzan, arreta berezituagoekin, besteek bezala arazorik gabe egiten du bere bidea. Baina zer gertatzen da hau amaitzen dutenean?».

Eta hor dago, bere ustean, erronka, hots, haurra heldua denean eta bizimoduari aurre egin behar dionean ez dadila galduta sentitu. Horregatik aldez aurretik elkartetik beharrezko aholkuak bideratzen dituzte. Egoera orokorrak denborarekin hobera egin duen arren, adituak bat etorri ziren: «Tolerantzia bultzatzea ezinbestekoa da. Hori behar adina egongo balitz, aurreiritzien aurrean gizarte integratzailea gailenduko litzateke».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo