Gobernuak suteen arazoa gaizki kudeatu duela salatu dute greziarrek
Grezian gertatutako suteei aurre egiteko Gobernuak emandako erantzunak herritarren eta oposizioko alderdien haserrea eragin du. Suteen atzean interes espekulatzaileak daudela salatu dute, eta sua itzaltzeko lanean erakutsitako eraginkortasun faltaz ohartarazi dute.
GARA
Grezian azken egunotan izandako suteak direla-eta, haserre dira herritarrak. Oposizioko alderdiek ere egin dituzte euren kritikak Gobernuaren kudeaketaren harira, eta guztiaren atzean interes espekulatzaileak daudela gaineratu dute. Suteak eskuarki itzalita dauden arren, Gobernuak arazoari emandako erantzunaren aurreko desadostasunak indarra hartu du, 2007an suteek eragindako hondamendia ere gogora ekarriz.
Suhiltzaileen bozeramaileak adierazitakoaren arabera, «egoerak hobera egin du». Suhiltzaileek, halere, alertan jarraitzen dutela jakinarazi zuen, bereziki Atenas hiriburutik gertu. Suak 20.000 hektarea erre ditu inguru horretan, izugarrizko kalteak eraginez.
Kithaironas mendian eta Eubea uhartean suak bizirik jarraitzen zuen. Suhiltzaileek atzo bertan jarraitzen zuten, beraz. Uharte horretan etxerik ez zen kaltetu, halere.
Gobernuari kritikak
Herritarrak haserre agertu dira Gobernuak egindako kudeaketa lanagatik. Horren aurrean greziar prentsak ere, oro har, ezgaitzat jo du Gobernuaren jokabidea. Hala, Gobernuak «akats barkaezinak» egin dituela adierazi dute, duela bi urte gertatutako hondamenditik ikasi gabe. Izan ere, 2007an izandako suteen ondorioz 77 lagun hil ziren eta 250.000 hektarea kiskali.
«To Vima» egunkariak adierazi zuenez, Gobernuaren portaerak ez dauka justifikaziorik. Esaterako, suteak itzaltzera bidalitako suhiltzaileen kopurua oso urria izan dela gaineratu zuen.
Suteengatik kaltetutako herrietako alkateek ere izan dituzte Gobernuarentzako hitzak. Herritarrek suteak gelditzeko jaso duten laguntza eskasa kritikatu dute, eta suhiltzaileek bakarrik utzi izana ere salatu dute. Horrez gain, suhiltzaileak oso berandu iritsi zirela azaldu zuten hainbat herritarrek eta horien koordinazio falta nabaria zela nabarmendu zuten.
Horren harira, suhiltzaile batek argudiatu zuen ezin dituztela «mirariak egin» eta beraiek ere oso nekatuta zeudela argudiatu zuen.
Bestalde, oposizioko alderdiek zein talde ekologistek, Gobernuaren kudeaketa salatzeaz gain, suteen atzean espekulazioa eta kaltetutako guneak babesteko araudi zehatz baten falta dagoela gaineratu zuten. Tokian tokiko agintariek zein oposizioak salatu dute suteak eragindakoak izan direla, ondoren erretako eremuetan etxebizitzak eraiki ahal izateko.
Datuen arabera, 150 etxebizitza inguruk jasan ditu kalteak. Horiek horrela, 2007ko suteen ostean, hauek lirateke larrienak.
Tokian tokiko agintariek eta oposizioko alderdiek, suteen atzean interes espekulatzaileak daudela salatu dute. Gobernuaren helburua, erretako eremuetan etxebizitzak eraikitzea dela ohartarazi dute.