GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Ertzaintzaren jardueran «errakuntzak» izan direla uste du Eusko Alkartasunak

Ertzaintzak bere jardueran «errakuntzak» egin dituela berretsi zuen atzo EAko idazkari orokorra den Pello Urizarrek. Era berean, «arduraz» aritzeko eskatu zion Lakuako Barne Sailari, beraren iritziz, euskal preso politikoen argazkiak agerian jartzea ez baita «delitua».

p014_f01_199x116.jpg

GARA

Pello Urizar Eusko Alkartasuneko idazkari orokorrak, azken egunetan Lakuako Barne Sailari egindako kritikak berretsi zituen atzo. Radio Euskadi-n egindako elkarrizketa batean salatu zuen «errakuntzak» izan direla Ertzaintzaren jardueran, eta «arduraz» jokatzeko eskatu zion, hori delako egin behar duena.

Polizia autonomikoari babesa adierazi zion, baina jarraian gogora ekarri zituen joan den astean Gernikan gertatutako istiluak, eta EAko kidea den herriko alkate Jose Maria Gorroñoren jarrera defendatu zuen. Izan ere, Urizarrek azaldu zuenez, beren alderdiko alkateak «zentzudunak» izaten saiatzen dira, zeren eta «badakigu presoen argazkiak ez direla pertsona batzuen gustukoak izango, baina horrek ez ditu delitu bilakatzen».

Ildo horretatik, hainbat herritan, txosnetan presoen argazkiak jarri izan dituztela esan zuen, eta Ertzaintza ez denez agertu ez dela ezer gertatu.

Haren iritziz, Patxi Lopezen Gobernua aurrera eramaten ari den politika honek PPren babesa lortzea du helburu. «Oso zaila izango dute krisia gainditzeko akordio garrantzitsurik adostea, eta horregatik, jada adostuta dituzten gaiak indartzen saiatzen ari dira», nabarmendu zuen.

Bilboko udal talde independentistak, berriz, «manifestazioak eta presoekiko elkartasuna bortizkeriaren bitartez zapaldu nahi izatea» gaitzetsi zuen. Salatu zutenez, «Madrilek legez kanpo utzi du Gasteizko Legebiltzarrak, batzar nagusiek eta Euskal Herriko gainontzeko udalerriek eskatutako presoen euskal herriratzea». Bilboko ezker abertzalearen iritziz, PSOEk aurretik prestatutako «taktika» izan da gertatutakoa, «herritarren artean izua zabaldu eta jendartearen eskakizun legitimoak kaletik ateratzeko».

Epaileen erantzukizuna

Eudel, EAEko udalerrien elkartea gaur bilduko da Lakuako Barne sailburu Rodolfo Aresekin, eta EBren Lehendakaritzako bozeramaile Serafin Llamasen iritziz, euskal preso politikoen argazkiak kendu behar izatea ez da Udalen «erantzukizuna». Haren ustez epaileen eskuduntza da «terrorismoa goratzea» zer den erabakitzea, eta ez udalena eta Lakuako Barne Sailarena.

BATZARRA

Rodolfo Ares, Lakuako Barne sailburua, gaur bilduko da Eudel-eko ordezkariekin pankartak, pintadak eta presoen argazkiak udalerri bakoitzean nola kendu koordinatzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo