GARA > Idatzia > > Kultura

Pablo Milanesek abiatuko du 25 urte bete dituen Getxo Folk jaialdia

Irailaren 3an, Pablo Milanes kubatar kantari ezagunarekin abiatuko da Getxo Folk jaialdiaren 25. edizioa. Mende laurdena baina, «Euskal Musika: 25 urte» izeneko ekitaldiarekin ospatuko dute. Bertan, Oskorri, Niko Etxart, Oreka Tx, Mikel Urdangarin, Gose eta Maddi Oihenartek joko dute.

p040_f01_97x168.jpg

Anartz BILBAO | BILBO

Getxoko Folk jaialdiak atzo aurkeztu zuen gaur zortzi abiatuko duen 25. edizioa, urtero legez lau eguneko jardunarekin. Ohi denez gainera, eta herri musikek kale bazter guztiak har ditzaten, Areatzako Geltoki plazan egingo diren ekitaldi nagusiez gain, Santa Eugenia plazak talde gazteak hartuko ditu, eta kalejirak ere izango dira.

Aurten, «jaialdiaren 25. urteurrena ospatzeko ekimen berezi bat ere izango da», kontatu digute Getxo Folk jaialdiko arduradunek: «Euskal Musika: 25 urte» izenekoa. Hautaketari dagokionez, «makina bat musikari bilduko dira Getxora», batzuk jaialdian izandakoak, Oskorri edo Oreka Tx esaterako, eta, bestetik, bertan inoiz jo ez duten belaunaldi berriak, Gose esaterako. Denetarik izango da, «euskal musikari begirada zabal bat eskaini eta hainbat estilo eta doinu nahasten saiatu gara eta».

Lehen hamahiru edizioetan bezala, sarrera eskuratu beharko da kontzertu nagusiak ikusteko (10/15 euro artekoa), «nolabait ere goi mailako artistak ekartzen jarraitu nahi dugulako», eta euskal musikari eskainitako azken saioa orekatzeko, «esfortzu berezia eskatu digulako».

Aipatutako talde nagusiei dagokienez, «munduko musiken erakusleiho zabala izaten jarraitu nahi du» Getxo Folk jaialdiak, bertako arduradunek berretsi digutenez. Horretarako, autore kantaren ikurretako bat, hots, Pablo Milanes kubatarra izango da lehen egunean, eta Quebec aldeko La Bottine Souriante bigarrenean. «Berez nahasketa handi bat dira Quebeceko doinuak, kantu anglosaxoi eta frantziarrenak». Jaialdiak bide luzea egingo du gero, Afrika iparralderaino. «Orchestre National de Barbesen eskutik, raï, elektronikoa, pop eta rocka entzungo ditugu», eta azken egunean, jaialdia guztiz biribiltzeko, «euskal musikaren festa».

Talde gazteak Erromon

Bigarren agertokia Erromon jarriko da, Santa Eugenia plazan, «horren ezagunak ez diren talde gazteen erritmo nahasketarekin». Egunero bi talde jasoko ditu bertako oholtzak. Gaur zortzi O´Carolan zaragozar taldea eta Katalunia-Andorra aldetik hurbilduko den Trilla. Biharamunean, irailaren 4an, La Banda del Pepo (Murtzia) eta Quebec aldeko Mauvais Sort.

Asteburuan sartuta, larunbatak formatuz aldatuko du, eguerdian Los Titiriteros de Binefar talde ezaguna eta iluntzean Damba (Euskal Herritik) zein Dumbala Canalla (Katalunia) hartzeko. Eta tartean, 18.00etan, 25. urtemuga ganoraz ospatuko du jaialdiak, 500 ataleko tarta erraldoi bat janez. Igandean berriz, eta bukatzeko, Ruaille-Buaille etxeko taldeak itxiko du Santa Eugenia plazako jarduna.

Aipaturiko talde eta ekitaldiez gain, Trumpetterkorps Alkmaar (Herbehereak), Sbandieratori e Musici Citta de floridia (Italia), Upper Crossgare Pipe Band (Irlanda) eta Lume de Biqueirako gaita banda (Madril-Galiza) kalejiran ibiliko dira, atsedenik hartu gabe. Musikaz gain, Titiriteros de Binefar taldeak haurrentzako ikuskizuna antolatu du eta Munduko Terrazak izenekoan hainbat herrialdetako jakiak ere izango dira dastagai.

KALEKO BANDAK

Ohi bezala, Areatzako Geltoki plazako kontzertu nagusiez eta Erromoko Santa Eugenia plazako talde gazteez gain, kaleko bandek ere giroa alaitu eta musikaz beteko dituzte herriko bazterrak.

Fitxa

Irailak 3: Pablo Milanes.

Irailak 4: La Bottine Souriante.

Irailak 5: Orchestre National de Barbes.

Irailak 6: Oreka Tx + Oskorri + Mikel Urdangarin + Gose + Maddi Oihenart + Niko Etxart.

Lekua: Areetako Geltoki plaza (Getxo).

Ordua: 21.30ean

(irailaren 6an, 20.00etan).

Sarrera: Irailak 3 eta 4: 15 euro. Irailak 5 eta 6: 10 euro.

«Euskal musika: 25 urte», ospakizun berezia

Getxo Folk jaialdiak festa berezi batekin ospatuko du 25. urtemuga irailaren 6an, igandea. «Euskal musika: 25 urte» izeneko ekitaldian, makina bat talde elkartuko ditu, bakarlari zein talde, Hego zein Ipar Euskal Herriko, gazte zein eskarmentu handiko.

Guztien artean ibilbide luzeena izan dutenak Oskorri eta Niko Etxart dira, bata zein bestea aski ezagunak Euskal Herriko folk musikan. Bakarlari gisa berriz, Maddi Oihenart barkoxtarraren ahots gozoa eta Mikel Urdangarinen ahots xuxurlaria entzungo ditugu. Zornotzarrak gainera aurki plazaratuko du «Zubiak» lan berria, Baga Biga diskoetxean.

Aurrekoak baino proposamen gazte eta ausartagoak eginez (beti ere herri musika landuz, garatuz eta formatu berriagoetara moldatuz), Gose -trikitia elektronikarekin berrituz- eta Oreka Tx -txalaparta musika tresna antzinakoarekin gauza bera eginez-.

Modu honetan, jaialdiak «gure musikaren aberastasunaren erakusgarri» izan nahi du, eta partaide bakoitzak bere errepertorioko lau kantu jo ostean emango dio txanda hurrengoari.

Honakoak baina, ez dira izango jaialdian entzungo diren euskal talde bakarrak, Erromoko Santa Eugenia plazan Ruaille-Buaille boskotearen Irlandako doinuak eta Dambaren «Y si rompo mi camino» laneko kantuak ere entzungo baitira. Bada beraz, edonor asetzeko moduko aukerarik, entzun, gozatu, dantza egin eta jaialdian parte hartzeko.A. B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo