Hegaluze eskasia, sektorearen krisiaren gehigarri
Arrantzaleek galdutzat jo dute hegaluzearen arrantza-sasoia. Hori esan zuen atzo Bizkaiko Kofradien Federazioko presidente Iñaki Zabaletak, Lakuako Gobernuari laguntzak eskatzearekin batera. Kanpaina bukatzeko oraindik 15 egun falta badira ere, hiru hilabetean arrantzatu ez dutena ezin izango dute egun bakan horietan arrantzatu, Zabaletak esan zuenez. Aurten kontsumitzaileak nabaritu bide du arrandegietan hegaluzearen salneurriak ezohikoak direla, eta askok pentsatuko dute gehiegizkoak ere badirela; hala ere, eta elikagaiei dagokienez espekulazioaren itzala nabarmena bada ere, hegaluzearen salneurri horiek ez dira harritzekoak arrain horren eskasia dela-eta. Nolanahi ere, aurtengo hegaluze arrantza-sasoia ez da arrantzaleen arazorik handiena, ez arazo nagusia, alegia. Arrantzaleen arriskurik handiena ez baita urte txar baten kontua, hori arazo estruktural bati erantsitako arazoa baita -txantxetakoa ez bada ere, kontuan izanda aurten gasolio gastuak bikoiztu egin zaizkiela-. Arrantza sektorea krisi larrian dago, «erabateko krisian», Zabaletak esan zuenaren arabera, eta konponbidea erraza ez bada ere, apustu sendoa behar du, sektoreak irautea baitago jokoan. Eta konponbide horrek, besteak beste, laguntza publikoak behar ditu; hau da, Administrazioak arrantza sektorearen aldeko apustu horrekin bat egiten duela erakustea.