SEGA Europako Txapelketa
Joxe Gabirondok brontzezko domina kolkoratu du
Euskaldunak nazio gisa aritzen dira nazioarteko lehiaketa guztietan.
Jon LEUNDA | DONOSTIA
Joxe Gabirondok eskuratutako hirugarren postua izan da euskal ordezkariek Alemanian jokatu den Europako Txapelketan lortutako posturik onena. Hogeita hamar urtetik gorakoen lehiaketan aritu da Gaztelukoa, eta brontzezko domina kolkoan etxeratu da.
Joan aurretik ere maila horretan ikusten zen aukerarik gehien, eta hortxe heldu da domina bakarra. Maila horretan ere Mitxelenak oso postu ona erdietsi zuen, hamargarren amaitu baitzuen. Horiek biak izan dira euskal ordezkariek izan dituzten emaitzarik onenak.
Euskal Herriko selekzioa hogeita hamar urtetik gorakoetan eta beherakoetan lehiatu da, bai gizonezkoen bai emakumezkoen sailetan. Euskaldunak Euskal Herria taldean, nazio gisa alegia, aritzen dira segan, eta horrela onartzen dituzte joaten diren leku guztietan.
«Kirol arloari begiratuta, ezin da esan ona izan denik. Gabirondoren hirugarren postu horrek itxuratu du zerbait, baina gainerakoan nahiko iluna izan da», esan zuen Almitza elkarteko kide Altzok, nazioarteko erak Euskal Herrian izan duen bultzatzailerik nagusietakoak.
Hala eta guztiz ere, bere ustez, honelako lehiaketa batek baditu garrantzizko beste ezaugarri batzuk ere: «Europako lehiaketan Euskal Herria nazio gisa aritu da, eta hango komunikabide guztietan trataera hori jaso du. Uste dut hori oso garrantzitsua dela. Gero, kirolaz gain, beste ekitaldiek ere garrantzia izaten dute, eta dantza taldeak hasierako egunean ikuskizun bat eman zuen. Guztira 40 lagun joan gara Euskal Herritik, eta hori ere kontuan hartu behar da», adierazi zuen zaldibiarrak.
Izan ere, antolakuntza eta jendearen erantzuna bikainak izan direla onartu zuen Altzok: «5.000 lagun izan dira lehiaketa ikusten. Hori Euskal Herrian, apustu handia, eta atzetik dirua jokoan ez badago, pentsaezina da», esan zuen.
Kirol arloan, ordea, emaitzak ez dira espero bezain onak izan: «Hori garbi dago. Dena dela, kontuan hartu behar da honelako lehiaketa batean maila handiko kirolariak izaten direla, eta ez dela erraza beti puntan ibiltzea. Hala ere, Gabirondoren hirugarren postu horrek dezente itxuratu du gure lehiaketa», onartu zuen. Komunikabideek ere txapelketari arreta handia jarri diotela esan zion GARAri Zaldibiako segalariak: «Bi telebista kate izan dira han dena hartzen, eta egunkarietan ere informazioa agertu da. Honelako lehiaketak oso gustukoak dituzte han. Azken batean, kirola eta kultura uztartzen dira, eta biek dute garrantzia», esan zuen Altzok. Almitza elkartekoak berriro ere lanerako gogoz itzuli dira, eta honezkero hurrengo saioan izango dute burua.
Europako Txapelketa honekin, segalarien denboraldia ia amaitu dela esan daiteke, agian aurten inoiz baino laburragoa izan dena. Nazioarteko erak luzatu du, baina betiko eran inoiz baino laburragoa izan da, bai Gipuzkoan eta baita Euskal Herrikoan ere finalak bakarrik jokatu baitira. Nafarroan iaz arte jokatu da, baina aurten ez da posible izan jokatzea, eta Bizkaian, saio bakarra izan da.
Sega munduan apustuak egiteko bi saiakera izan dira, baina bietako bat ere ez da gauzatu. Hasteko, Lizasok bota zuen desafioa. Berak aurtengo udazkenean jokatu nahi zuen, baina inor ez da prest agertu aurten jokatzeko. Ormaetxea agertu zitzaion, baina Orendaingoak heldu den urterako nahi zuen, eta ez zen adostasunik izan.
Horren ondoren, Ormaetxeak berak bota zuen datorren urtean jokatzeko, baina honi ez zitzaion inor agertu, eta bi desafio bota arren, bietako inork ez du aurkaririk topatu, eta aurtengoan behintzat ez sega apusturik izango.