GARA > Idatzia > Iritzia > Azken puntua

Amagoia Mujika kazetaria

Jar diezaiegun bozgorailua profesionalei

 

Batzuetan buruko mina jartzen zait buruko minean pentsatzen baldin badut. Ahaztuta ere banuen termometroa zein aldetara jartzen den, baina, badaezpada, dagoeneko txartuta dauden botikaz betetako kutxan bila ibili naiz. Eta bistan utzi dut termometroa.

Oraintxe nazkatu naiz A gripearekin. Eta hori ez dudala izan, oraingoz. Telebistan, irratian, egunkarietan informazioa barra-barra dabil eta ezin eskapa egin. Eta batere informaziorik ez ematea bezain arriskutsua izan daiteke gehiegi ematea. Eta gehiegi eta gainera informazio okerra ematen baldin bada... Aspaldi samar ikasi nuen informazioa ez dela doan ematen, atzetik beti izaten dela interesen bat. Horregatik, ez naiz fio komunikabideen hitz-aspertuarekin.

Egia da uda dela, sasoi honetan ez dela zer kontatu askorik izaten... Horregatik larriagoa iruditzen zait kontua. Jatekoarekin ez dela jolasten esaten da. Osasunarekin, ere ez. Ez zait serioa iruditzen komunikabide askoren jarduna. A gripea eta heriotza lotzen dituzte titular potoloetan eta zehaztasunak letra txikira eramaten dituzte. Baina, noski, herritar askok ez dute letra txikia irakurtzeko ohitura ona eta paranoia abiada izugarrian ari da zabaltzen. Birusa baino askoz azkarrago seguru. Horregatik, eskertzekoa da komunikabideetan medikuren bat lasaitasunerako deia egiten agertzen denean. Utz diezaiegun hitz egiten benetan dakitenei. Mesedez, jar diezaiegun bozgorailua profesionalei. Guztion osasunak eskertuko du.

A Gripearen inguruko informazio betekadak igual ez dio inori kalentura igoko, baina seguru buruko mina sortuko diola. Eta larritasuna eta beldurra ere oso gaitz txarrak dira. Iragartzen duten txerto horrek balioko al du gaitz horientzako?

 

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo