Idoia Arrieta Elizalde Historian doktorea (Getariaren Sustraiak herri ekimeneko kidea)
Getaria: nafar fundazioa duen hiribildua
Nik ditudan baino datu gehiago beharko nituzke prezisio matematikoarekin esateko noiz eta nork eman zien foru-gutuna getariarrei. Esan dezaket, ordea, 1180-1200 bitartean izan zela eta Antso VI.a edo Antso VII.a errege nafarrak eman ziela
Xehetasun gehiegitan sartu gabe, nire azken egunotako lanak hurrengo lerroetan laburtzen saiatuko naiz. Getariako antzinatasuna garbi azaltzen da historiaurreko aztarna arkeologikoetan eta, geroztik, gizakiaren presentzia etengabea izan da Getarian. Baina Getariak, nik dakidanez, ez du gorde sorrera-gutunik, hiribilduaren fundazioari buruzkorik. Ondorioz, foru-gutuna noiz eta nork eman zion orain arte zalantzan egon da: batzuentzat (ustez Esteban de Garibairen testuetan oinarrituz) Gaztelako Alfontso VIII.ak eman zion orain dela 800 urte; besteentzat, Antso VI.a Jakituna edo Antso VII.a Azkarra errege nafarrak 1209. urtea baino lehen. Azken egun hauetan hori argitu nahian ibili naiz buru-belarri.
Historia bere lege eta metodo propioak dituen zientzia da, bere adierazpenetan zorroztasuna, zehaztasuna eta batez ere traiziona gaitzakeen fantasiaren kontrol zorrotza eskatzen duena. Garrantzitsua da behin eta berriz iturrietara bueltatzea, eta esaldien arkitektura korapilatsuak baztertzea, esan ohi zidan doktoretza egiten ari nintzela nire maisu handia izandako aita Kandido Zubizarretak.
Beraz, gure lehenengo kontsulta «Colección de documentos medievales de las villas guipuzcoanas (1200-1369)» lana izan zen. Getariaren fundazioa, Alfontso VIII.a gaztelauak esandakoaren arabera, Nafarroako erregeari esleitzen zaio; izan ere, 1209ko irailaren 1ean Donostian zegoela, foruaren berrespenean esan zuen: «Eo modo quo rex Navarre illud dedit vobis habendum». Beraz, oso garrantzitsua den albiste baten aurrean gaude, baina ez nahikoa begi zorrotzentzat. Bestalde, ordurako, irakurria nuen «La Voz de España» egunkarian (1974-02-27) Gonzalo Martinez, Valladolideko Unibertsitateko Zuzenbideko katedradun izandakoaren testua, non esaten duen Donostia eta Getaria zirela nafar jatorria zuten bi hiribildu bakarrak. Esan beharra dago idazle hau «Guipuzcoa en los albores de su historia (siglos X-XII)» liburu dokumentatuaren egilea dela.
Jarraian, Lope Martinez de Isastiren «Compendio Historial de Guipuzcoa (1625)» eta Madrilgo Errege Akademiarako getariarrek idatzitako eskuizkribuari, «Descripciones geográfico-historicas de los diferentes pueblos de la provincia de Guipuzcoa y de la ciudad de San Sebastian (1786)», tokatu zitzaien txanda. Bietan, Garibairen arabera, Alfontso VIII.ak herria berreraiki zuela diote, eta ez gehiago. Beranduago, 1862an, Pablo de Gorosabelek «Cosas memorables de Guipuzcoa» lanean Alfontso VIII.ak 1209an Donostiako foru-gutuna eman ziela getariarrei, Nafarroako errege-erreginen garaian gozatzen zuten moduan, esaten du. Baina ez omen zen argi agertzen nork gozatzen zuen pribilegioa Nafarroako errege-erreginen garaian, donostiarrek edo getariarrek.
Hurrengo pausoa Esteban de Garibairen «Compendio Historial» 1571an Anberesen argitaratutako balio handiko liburua kontsultatzea izan zen. Bertan, Getaria beste herrietatik nabarmentzen du bereziki. Alfontso VIII.a Gaztelakoak 1209an Donostiako forua eman ziela aipatzen du, «para que ellos y sus sucesores gozasen perpetuamente del fuero de San Sebastian en los montes, pastos, y aguas, y en todas las causas, de la manera que gozar solian en tiempo de los Reyes de Navarra, y dice la suscripción y confirmación». Hemen argi agertzen da Nafarroako errege-erreginak lehenago forua eman ziola Getariari eta Alfontsok ondoren berretsi egiten duela aipatu forua. Aurrerago, erregearen hitzetatik dio: «Esta villa, cuya iglesia mayor es de la advocación de San Salvador, estaba de antes fundada como de las razones del mismo privilegio consta». Oraindik argiago. Bukatzeko, Mutriku ere aipatzen du eta bi herriak berreraikiak izan zirela. Honekin, Garibairen hitzetan, getariarrei foru-gutuna errege-erregina nafarrek eman zietela, eta Alfontso VIII.ak garai batetik zutena baieztatu soilik egin zuela adierazten da. Garibaik bere konpendioan ez du problemarik planteatzen.
Honetan guztian badago zerbait arreta deitzen duena: bidegabekeria batzuk, saihesten zailak direnak. Badirudi iratxo bat egon dela, Garibairen hitzak aldatzen, atsegin ematen bere bihurrikeriei. Honen harira, gerora egiazkotzat hartu izan dira Garibairen izenean besteek idatzitakoak.
Garibai historialari eta idazle arrasatearra Felipe II.aren kronikari ere bazen. Artxiboetako miatzailea, iturri dokumentaletan oinarritu zituen bere lanak. Datuen hornitzaile honek eskaintzen dituenak, ezin dira aurkitu beste iturrietan. Erreferentzia bat da, beraz. Azpimarratu nahi dugu idazle honen garrantzia ez dagoela ulertzerik ez badugu kontutan hartzen atzoko eta gaurko historiagileek aipatzen duten maiztasuna. Zentzu honetan, Garibairen azterketa zuzena ez egiteak, bere osotasunean ez irakurtzeak edota Garibairenak zirelakoan besteen erreferentzietan oinarritzeak, urte luzez, Getariaren fundazioari buruzko zalantzak sortu ditu historialarien artean.
Aipatu beharra daukat niretzat berria dela garai honi buruz idaztea eta nik ditudan baino datu gehiago beharko nituzkeela prezisio matematikoarekin esateko noiz eta nork eman zien foru-gutuna getariarrei. Esan dezaket, ordea, 1180-1200 bitartean izan zela eta Antso VI.a edo Antso VII.a errege nafarrak eman ziela. Une honetatik aurrera, beraz, ez dago inolako zalantzarik: Getaria hiribildu nafarra da.