GARA > Idatzia > > Kultura

Maialen Lujanbio: «Emozioak sortzea ez da helburua, izatekotan, ondorioa»

«Zergatik sortu? Zertarako? Norentzat?» galderei erantzuten saiatu dira hainbat esparrutako sortzaile. Parte-hartzaileen ahotan hainbat kontzeptu behin eta berriz errepikatu badira ere, izan da desadostasunik ere, batez ere sortzailea bere buruarentzat edo bestearentzat ari den erantzuterakoan. Pozik ageri zen Jon Martin ikastaroaren amaieran. «Bertsolaritzatik abiatuta beste eremuetara egin nahi genuen salto eta lortu dugu. Oso positiboa izan da», azaldu zuen.

p050_f01.jpg

Xole ARAMENDI | DONOSTIA

Maialen Lujanbio ez da eroso sentitzen sortzaile kontzeptuaren baitan, gaur egun daukan esanahiaren eraginez. «Sorkuntza mitifikatuta dago; dohain berezia duen pertsonatzat hartzen da sortzailea», esanez hasi zen. Gipuzkoako bertsolari txapeldunak nahiago du sorkuntza mutazioari lotzea. Beti berdina eta beti berria. Sortzailea zerotik abiatzen denaren ideia bertan behera bota zuen. «Bertsoa hitzen konbinaketa da, tradizio baten garapena, nahiz eta gaur egun iturri berrietatik edan. Berria eskainitako ikuspuntua izan daiteke, egindako gogoeta, baina bertsoa bera mutazioa da», argitu zuen.

Berria ez izateak ez dio batere balorerik kentzen. Lujanbioren esanetan, lana eta izerdia, biak ditu prozesuak, «nahiz eta askok beste zerbait pentsatu».

Bertsolaria jaio egiten den ala egin egiten den ohiko eztabaidaren harira zera esan zuen: «Bertso eskoletan sortzaile izaten ikasi egin daitekeenez, bertsoak egiten ikastea nahiko dela pentsa dezakete askok. Eta ez da honela. Jarrera, sentsibilitatea eta lanketa ezinbestekoak ditu bertsolariak. Eta hau bertsogintzan ez da kontuan hartzen». Sortzaileak beti hartzailea behar al duen izan zen hurrengo zalantza. «Esther Ferrer artistak akzio artistikoak beretzat egiten dituela esan zuen eta asko harritu ninduen. Gure lehengaia hitza denez, hartzaile bat espero dugu. Hartzailerik gabeko bertsogintza ezinezkoa litzateke», azaldu zuen bertsolariak.

«Azken urteotan puri-purian dago gure jarduera komunikazioaren parametroetan ulertzea. Helburu nagusia edukia da, mezua plazaratzea. Eta komunikatzea pertsuasioari eta emozioak sortzeari lotuta aurkezten zaigu -gaineratu zuen-. Baina emozioak sortzea ez da helburua; izatekotan, ondorioa».

Bertsogintzan egon daitekeen tentazioaz ohartarazi zuen, «errazkeriara emana, publikoarekiko konexioa behartzekoa, gustukoa duen ideia zabalduz. Zenbateraino eman behar zaio entzuleari erraz ulertzeko eran? -galdetu zuen-. Bertsolariak uneoro erabaki dezake zer egin eta interesgarria da sormen prozesuarentzat».

Sortzailearen jarrera nagusi bezala zintzotasunean oinarritutako benetakotasuna aldarrikatu zuen. «Lehenengo bere buruarekiko zintzotasuna izan behar du. Eta berak sinesten badu jendeari iritsiko zaio. Ulertzea zer da? Zer da ulertu behar dena? Esan liteke audientziak sorkuntza mugatzen duela? Gerta liteke, baina kreatiboa ere izan daiteke», jarraitu zuen.

Hernaniarrarentzat, sormen prozesuak gehiago du prozesutik, sortzetik baino. Eta artelan baten autorea nor den jakitea garrantzitsua iruditzen zaio. «Nondik datorren jakitea, obra horren atzean zer ahalegin dagoen jakiteko», argitu zuen.

Gabezia, ezinbestekoa

Harri koskorra errekan behera bezala, Pello Añorga abandonatu egiten da ipuinaren kontakizunean. «Kontaketa bakoitzean bizia hartzen du ipuinak eta momentuan abandonatzen jakin behar duzu», azaldu zuen.

Barne-hutsuneek bultzatutako bilaketa da sormen bidearen abiapuntua, bere esanetan. «Lur azpian, argitik ihesi egiten da, neguaren eskutik», esan zuen.

«Bidean nagoen jakiteko aromak gidatu nau», zioen Eduardo Chillidak. «Senak arrastoak aurkitzera darama artista», argitu zuen Añorgak. Nor bere hutsuneetan, zuloetan, aztarka hasten da bata eta bestea probatuz.

Aurkikuntza dator. Sortzaileak bere ikuspegia ikusten du. «Guk harria ikusten dugun tokian Migel Angelek zaldia ikusten du», azaldu zuen. Eta ehizari egiten dio bide, diziplina eskatzen duen lanketari. «Zaldia domatzen hasten da», gaineratu zuen. Hitza da Pello Añorgaren lanabesa eta berak hizkuntzari erreparatzen dio. «Tradizioak zer dioen galdetzen diot neure buruari», azaldu zuen. Hitzak nola indartu pentsatzen hasten da. «Ikuspuntua, ahotsa, aurkitu behar dira», gaineratu zuen.

Sutan jartzean ikusten da eltzeak balio duen eta Pello Añorga jendaurreko emanaldiarekin hasten da. Eta, entzuleriarekin bat egitea lortuz gero, estasia dator. «Nortasuna galdu duzu. Zu zara obra. Edo obra zara zu», azaldu zuen. Uda garaia da eta sagarrak gorritzen ari dira. Ondoren herriratzea dator. «Obra ez dago zure esku jada», gaineratu zuen.

Pello Añorgaren ustez, erabateko garrantzia dauka sormen prozesuaren azken pausuak: gabezia. «Artista ezer gabe geratzen da -argitu zuen-. Puntu honetara heltzea garrantzitsua da berriz sortzeko».

Bertsozale Elkarteak antolatutako ikastaroan 50 pertsona bildu dira. Bertsolari gutxi. Zaleak bai. Irakasleak, kazetariak, psikologoak... denetarik. Entzuleri heldua eta heterogeneoa izan da. «Bertsolaritzatik abiatuta beste esparruetara bideratutako zerbait nahi nuen eta oso positiboa izan da», nabarmendu zuen Jon Martin ikastaroaren zuzendariak.

MUTAZIOA

«Bertsoa hitzen konbinaketa da, tradizio baten garapena, nahiz eta gaur egun iturri berrietatik edan. Berria eskainitako ikuspuntua izan daiteke, egindako gogoeta, baina bertsoa bera mutazioa da, eboluzio baten emaitza», argitu zuen Maialen Lujanbiok.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo