GARA > Idatzia > > Kultura

Karobiak berreskuratuz Elduaingo tradizioa gordetzeko urrats berri bat eman du Burdina Taldeak

Burdina Taldeko kideak Elduaingo karobiak berreskuratzeko lanetan sartu dira buru-belarri. Atzo garbitu zuten gunea bertako historia osatu eta aitzindariek utzitako ondarea ezagutzeko beste pauso bat dela aipatu zuten.

p051_f01_148x104.jpg

Odeia AIESTARAN | ELDUAIN

Burdina Taldeak ondare historikoa berreskuratzeko egindako ibilbideak beste geltoki bat izan zuen atzo: Elduain. Izan ere, bertan bi karobi topatu eta horien berreskuratze lanetan sartu dira buru-belarri. Bata, baserriko karobia da; bestea, ordea, frantsesa edo «industriala», Xabier Arruti Burdinako kideak azaldu zuen moduan.

Halaber, karearen garrantzia aipatu zuen Arrutik. Bere esanetan, Elduaineko karobia erabiltzeari 1920an utzi bazitzaion ere, aurretik, lurra ontzeko, ukuiluak garbitzeko edota baserriak margotzeko erabiltzen zen. «Kareharria karobietara eramaten zuten, bertan txikitu, labea erregaiaz bete eta harriak egurraren gainean jartzen zituzten. Karobia beheko aldetik pizten zen, ondoren karea ateratzen zen alde beretik», aipatu zuen Arrutik.

Lanak jende ugari eskatzen zuela ere azpimarratu zuen eta horregatik, askotan, «auzolanean» aritzen zirela. Baserritarrak elkarrekin batu eta denentzat ateratzen zuten karea bertatik.

Egoera onean eta osorik antzeman zuten, berriz, karobi frantsesa deitutakoa. Honakoa, «beste guztietatik desberdina» da Arrutiren esanetan, izan ere, gelditu gabe lan egiten du, etengabe karea ekoitziz. Horregatik, «karobi industriala» izan zela ondorioztatu dute eta enpresa txiki bat edo «tailer moduko bat» izan zitekeela ere aipatu zuen; karea saltzen zuen tailer bat, alegia. Hala, gutxienez hamar pertsonak osatuko lukete karobiko ekoizpena.

Mantentze-lanak

Arrutik nabarmendu zuen bezala, lanen helburua bertako ondare historikoa berreskuratzea eta aitzindariek utzitako ondarea ezagutaraztea da. Elduainen, esaterako, «herriarena den zerbait ezagutaraztea» da xedea eta, bide batez, «bertakoek duten zerbait eurena bezala sentiaraztea». Horretarako, ordea, diru-laguntzak ezinbestekoak direla azpimarratu zuen Arrutik; hala ere, hori nahikoa ez dela ere gaineratu zuen. Izan ere, diru laguntzen gainetik, udalei dagokie karobiak egoera onean mantentzea, horretarako «beharrezko diren panel informatiboak jarriz eta neurriak hartuz».

Horrela, inguruan berreskuratutako karobiak baliatuz, nolabaiteko ibilbideak egiteko proposamena ere luzatu du Arrutik. Hain zuzen ere, Andoainen berreskuratutako sei karobietatik ibilbidea prestatu eta udalak informazioa eskuragarri jarri du.

Auzolana, Burdina Taldearen oinarria

Burdina Taldea Plazaola trena berreskuratzeko asmoz jaio zen eta baita lortu ere. Bi urteko kanpainaren ondoren 4.000 sinadura lortu zituzten eta trena Leonen geratu bazen ere, egindako lana ez zen ezerezean geratu. Horren ondoren, meatzeei ekin zieten eta hala, Berastegiko zubia edota Leitzan kokatuta dagoen Tolare meatzea berreskuratu dituzte.

Elduaingo karobiak berreskuratzeko lanetan hamabi lagunek parte hartu dute, tartean herriko gestorako buru Jose Angel Urkizuk. Arrutik esan bezala, auzolanean egiten dute lan eta ez dute irabazi asmorik; ondarearen babesa eskatzen dute.O. A.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo