GARA > Idatzia > Kirolak > Athletic

Lehen jardunaldia

Ligaren hasierak zalantzak uxatu beharra dakar

Europa League jokatzeko sailkapena lortu izanaren poztasunaz eta azken partidetako irudi kaskarrak sortutako zalantzez ekingo dio Athleticek Ligari.

p037_f01-11x11.jpg

ATHLETIC-ESPANYOL

Amaia U. LASAGABASTER | BILBO

Sentsazio erabat kontrajarriekin ekingo dio Athleticek Ligari. Zuri-gorriek udako helburu nagusia bete dute, Europa League jokatzeko sailkapena lortuz. Orain arte jokatutako sei partidu ofizialetan eskainitako irudia, aldiz, nahiko makala izan da. Hori dela eta, poza baina baita zalantzak ere suma daitezke taldearen inguruko giroan.

Ligak zalantzei aurre egiteko aukera dakar, baina baita zalantzak sakontzeko arriskua ere. Izan ere, denboraldia hasi besterik egin ez den arren, nolabaiteko azterketa jasoko du gaur Athleticen joko eta errendimenduak, batez ere San Mamesen arituko den aurkaria zuri-gorrien multzokoa izan daitekeela kontutan hartuta.

Orain arteko arerioak -betiere teorikoki, zelai gainean beste gauza bat ikusi baita- Athletic baino maila baxuagokoak izan dira, adibidez Young Boys eta Tromso. Denboraldi-aurreko beste arerio nagusia, Bartzelona, Athletic baino maila askozaz handiagoko taldea da uneotan. Ez da Espanyolen kasua. Iaz Lehen Mailari eusteko sekulakoak pasa bazituen ere, denboraldi hasieran Athleticen antzeko helburua du: beste urtebetez goi mailan jarraitzeko beharrezko puntuak lehenbailehen lortu eta arrakasta Kopan edota Europara sailkatuz eskuratu.

Horiek horrela, lehen jardunaldia egokia izan daiteke bilbotarrek udan erakutsitako ahuleziak kezkagarriak diren edo denboraldi-aurreari dagozkion arazo logikoak diren ikusteko.

Athleticek abantailatxo batekin ekingo dio azterketari, jada jokatu dituen sei neurketa ofizialek eskaintzen diotena, hain zuzen ere. Gaur arituko diren jokalariek, adibidez, minutu ugari pilatu dituzte dagoeneko hanketan. Tromoseko partidarekin alderatuta, aldaketa bakarra egon daiteke gaur hamaikakoan. Aitor Ocio deialditik kanpo geratu da arazo fisikoekin eta bere lekua Ustaritzek hartuko duela dirudi, Etxeita eta San Jose ere deialditik kanpo geratu baitira.

Batasuna

Joaquin Caparrosek gaur etapa berri bat hastea espero du. Eta hasiera ezin hobea izan dadin, guztion laguntza ezinbestekoa dela uste du, are gehiago sortutako giroa ikusita. «Jokalariek, entrenatzaileek, zaletuek, kazetariek... bat egin behar dugu. Orain dela bost hilabete hasi garela eta oso gaizki gaudela dirudi. Egoera pozgarria da baina nik ez dut poztasun hori ikusten; nolabaiteko krispazioa sumatzen da», nabarmendu du.

Argi du Caparrosek taldearen jokoa ez dela ona izan eta bera da «lehenbiziko kritikoa», baina «giro paregabea izatea» beharrezkoa dela azpimarratu du.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo