GARA > Idatzia > Euskal Herria

Rubalcaba: «Espainiak ezin du ukatu parlamentu demokratiko baten hautua»

2004an eta 2008an, hurrenez hurren, Gasteizko Legebiltzarrean onartutako Estatutu Berrirako Proposamenari eta Kontsulta Legeari ezezkoa eman zien Estatu espainolak. Kataluniako Parlamentuak adostutako Estatutua, berriz, «ukatu» ezina dela adierazi zuen atzo Rubalcabak.

GARA

Estatu espainoleko Barne ministro Alfredo Perez Rubalcaba Kataluniako Estatutu berriaren inguruan mintzatu zen atzo, eta, bere hitzetan, Estatu espainolak ezin du «ukatu» Kataluniako Parlamentuak hartutako erabakia.

Irratsaio batean egindako elkarrizketa batean Auzitegi Konstituzional espainolak datozen egunetan Kataluniako Estatutuaren inguruan eman beharreko epaiaz galdegin zioten, eta Rubalcabak Estatutua «konstituzionala» eta «politikoki garrantzitsua» dela adierazi zuen.

Barne ministroak azaldu zuenez, «Espainiak ezin du ukatu kataluniarrek aukeratutako parlamentu demokratiko baten erabakia». Horrez gain, Katalunia nazio gisa definitzea ere ez duela gaizki ikusten esan zuen. Ministroaren aburuz, hori horrela da Kataluniako Parlamentuak bere garaian horrela bozkatu zuelako.

Oso bestelakoak izan ziren ordea, PSOEren Gobernuak Gasteizko Legebiltzarrean onartu ziren hainbat proposamenen inguruan egindako adierazpen eta ekintzak. Horren adibide da 2004ko abenduan onartutako Estatutu Berrirako Proposamena. «Ibarretxe plana» izena hartu zuen proposamenak, Gasteizko Legebiltzarraren gehiengoaren sostengua jaso zuen, ezker abertzaleak azken unean beharrezkoak ziren hiru boto EAJko, EAko eta EBko ordezkarienekin batu ondoren.

Garai hartan lehendakari zen Juan Jose Ibarretxe ere Madrilgo Kongresuan izan zen ekimena defendatzen hilabete batzuk geroago, baina bertan eztabaidatu gabe ezezkoa eman zioten proposamenari PPk eta PSOEk kontra bozkatuta.

2008ko ekainean onartutako Kontsulta Legea ere bertan behera geratu zen. Ibarretxe lehendakariak EAEn galdeketa bat egiteko lege proposamena aurkeztu zuen eta parlamentuaren gehiengoak onartu arren, Auzitegi Konstituzionalak legez kanpo utzi zuen.

PSOEren jarrera kontrajarriak

Kataluniako Parlamentuak aurrera ateratako Estatutuaren eta Gasteizko Legebiltzarraren proposamenaren artean dagoen ezberdintasun nagusia PSCk eta PSEk desberdin jokatu izana da. Lehenengoek babesa eskaini diote hasieratik ekimenari eta PSE, berriz, aurka agertu da beti EAEn.

Areago, Kataluniako Estatutua Parlamentuan onartu ondoren Kongresu espainolean ere aurrera atera zen. Hori bai, Alfonso Guerra PSOEko kide historikoak garai hartan adierazi zuen bezala, «garbiketa» egin ostean. CiUren eta PSOEren botoekin onartu zen Kataluniako Estatutua, ERCk azkenean ez baitzuen alde bozkatu.

NAZIOA

Estatu espainoleko Barne ministroak Katalunia nazio gisa definitzearen alde parlamentu «demokratiko» batek bozkatu zuela adierazi du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo