GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Haritz Etxeondo Remiren laguna

Herri «zain»-go sailburuari

Ez dakit zein balore irakatsi dizkiezun zure poliziei, baina jakizue zuen gorrotoa itsua bada, Remik herri honenganako zuen maitasuna itsuagoa zela

Nire dudak argitze aldera, «euskal» poliziaren buruzagi zaren aldetik, erantzungo didazulakoan, zugana zuzentzen naiz idatzi honen bidez. «Euskal» polizia diot, izan ere, herri «zain» deitzeak, hitzak berak duen esanahiagatik, egoki ez dela baiteritzot.

Hasteko, informatu naiz Madrilen asmaturiko ekitaldi bat galaraztera etorri zinetela. Asmatu diot; izan ere, Villabonan ez baitzen euskal presoen aldeko omenaldirik antolatu. Aurrez jakinaren gainean zeundeten, beraz, eta ondorioz, zuen helburua ez zen omenaldia galaraztea. Deialdia Etxeratek hileko azken ostiraletan bultzatu ohi duen elkarretaratzerako egina zegoen. Pasa den abuztuaren 28an, dozena bat furgoi eta hamarka «euskal» polizia, armak eskuetan, «espero» nituen herrian, baina ez, ez genuen zuen «bisitarik» jaso. Ez behintzat uztailaren 31n izan genuen moduko «bisitarik».

Zuen inbasio polizial, armatu eta lotsagabearen aurrean, inolako desgraziarik izan ez zedin, elkarretaratzea bertan behera gelditu zen. Beste behin, oinarrizko eskubideak presentzia polizialaren bidez zapalduak izan ziren.

Ez dakit zer kontatu dizuten zure poliziek, baina Villabonan, Uztailaren 31ko arratsaldeko zortzi eta erdietako unea argitze aldera, hau zen egoera:

Villabonako herria jaietan. Festetako azken eguna. Festa batzordeak ofizialki antolaturiko ekitaldiak martxa «normalean». Zure poliziak, armak eskuetan, Villabonako herrian. Villabonako plazan, hain zuzen ere. Zure poliziaren presentzia, beraz, festa gunean bertan. Nire lagunetariko batek esan zuen bezala, gaur Hertzainak taldearen kontzertua plazan. Ez, «ez dira betiko garai onenak», ez. Lotsagarria benetan. Eraiki berri den ondoko plazan, festa batzordeak antolaturiko rock maratoia. 200 lagun inguru kontzertuari begira eta barra ondoan zure poliziak kontzertuari «begira». Barrako diru kutxa seguru zegoen behintzat.

Villabonako herriak kantuz eta dantzan erantzun zuen. Gora herria, gora Villabona! Kantatzen duen herri bat ez da inoiz hilko.

Jendearen artean ezinegona eta urduritasuna nagusi. Nire baitan, baina zertan ari dira? Zer nahi dute? Zer agindu zenien? Bistakoa zen ez zela inongo omenaldi nahiz ekitaldi politikorik ospatu. Zer lortu nahi zenuten? Zein zen zuen helburua?

Zertara bidali zenituen zure poliziak Villabonako herrira? Rock maratoian parte hartzen zuten musika taldeen inguruan galdezka? Horretarako ez dut uste hainbesteko armadarik bidali beharra zenuenik; bestela, jakinaraziko didazu zergatia. Nire ustetan, azkenaldi honetan Villabonako herrian paseatzen ibiltzen diren bikote horietako bat galdezka bidali eta nahikoa izango zen. Edo, bestela, gure herrian bizi den zure «euskal» polizietako bati festetako egitaraua eskatzea besterik ez zenuen. Lotsagarria.

Uztailaren 31ko jarrerarekin jarraituz, ekitaldi politiko guztiak galarazteko jarrerarekin alegia, zergatik ez zenituzten galarazi abuztuaren 1 eta 2ko deialdiak?

Egia da, zure polizietako bat «laguntzen» saiatu zela. Baina ez, ez dugu nahi horrelako laguntzarik. Ezin baitut ulertu herri «zain» batek, herritar baten egoera lazgarri baten aurrean, bere aurpegia bistaratzeko zalantzak izatea. Aurpegia kaputxa kendu ondoren ikusi nion, baina begiak une oro bistan zituen. Eta begi horiek hitz egingo balute, gorroto hitzak besterik ez lituzkete igorriko. Helburua lortu izanaren begiak ziren. Ez dakit zein balore irakatsi dizkiezun zure poliziei, baina jakizue zuen gorrotoa itsua bada, Remik herri honenganako zuen maitasuna itsuagoa zela.

Azken asteetan Donostian, Gernikan edo Bilbon (zure komunikabide manipulatuek gehien zabaldu dituztenak aipatzearren, eta ez Euskal Herriko beste hainbat txokotan jazarpenik izan ez delako) jazotako gertaerek nire mina areagotu besterik ez dute egiten. Villabonan uztailaren 31n alkate funtzioak betetzen ari zen Remik jokatu zuen bezala jokatu ez balu, aipatu herrietan ekidin ez ziren gertaerak Villabonan jazoko zirela nahiko garbi dut. Villabonako herritarrak jipoituak eta atxilotuak izango ziren.

Lotsagarria, nazkagarria benetan zuen jarrera euskal herritarren artean. Debekuak, jipoiak, atxiloketak... Hau al da zuen bakea? Beste behin, utzi Villabona bakean. Utzi Euskal Herria bakean.

Abuztuaren 2ko gauean, Remi-ren hilotza udaletxean zegoen bitartean, Villabonako plazan inolako lotsarik gabe Remiren aldeko kartelak kendu zenituzten, baina kendu gabe utzi zenuten «alde hemendik» zioen kartela, zuei zuzenduta zegoena.

Lerro hauek aprobetxatu nahi nituzke zure eguneroko «lanean», Euskal Herriaren «aldeko lanean», zure eserlekutik gertu «lan» egiten duen eta gainera Villabonako zinegotzi eta alkate ohia den Bakartxo Tejeriari hitz batzuk zuzentzeko.

Remiren heriotza, eta batez ere gertatu zen bezala gertatu zelako, udaletxean ezohiko bilkura deitzeko arrazoia ez dela esateko dituzuen argumentuak Remiren familiari nahiz neskalagunari argitzea eskertuko nizuke. Jakizu egokiago ikusten dutela udaletxean Remiren heriotzaren aurrean erantzun bat ematea zure kontzientzia lasaitzeko hileta elizkizunetako mezatara joatea baino. Remiren heriotza saltsaren osagaietako bat zela esan zuen Egibarri esaiozu Remi osagai askotako saltsa zela. Remi herri honen alde lanean ari zela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo