Euskal Jaiak Donostian eta Ordizian asteburu honetan, eta Zarautzen asteazkenean
Irailarekin batera hemen dira Euskal Jaiak. Ordizian eta Donostian asteburutik hasita ia astebete izango dute jai egitarauaz gozatzeko. Zarautzen, aldiz, asteazkena iritsi zain egon beharko dute.
GARA
1904an Ordizian antolatu ziren Euskal Jaiak bikainak izan zirela dio historiak, garrantzi handikoak izan zirela eta horietarako batzorde berezia antolatu omen zen, garai hartako alkate Salustiano Iturrioz eta garaiko gizon ospetsu talde batek osatutakoa. Kaleak egokitu egin ziren, eta herriko udaletxea eta herriko erdigunea dira gaur egun ere jai hauen lekuko nagusi.
Mende oso bat eta gehiago igaro bada ere, Euskal Jaiek herritarren gogoa pizten jarraitzen dute, eta iraileko zita garrantzitsuenetako bat da askorentzat. Donostian, Ordizian bezala, asteburu honetan ekingo diote adin guztietako jendearentzako prestatutako egitarauari.
Oraingo honetan ere, hilaren 9an, Ordiziako feria izango da. Goizeko bederatzietatik aurrera, herriko txistularien eta trikitilarien, Tolosako dultzaineroen eta Zumarragako trikitilarien doinuek lagunduta, goizetik eguerdira lehiaketak, erakusketak eta enkanteak izango dira.
Ez dira faltako gainerako lehiaketak ere irailaren bigarren asteazkeneko azokan: Fruitu eta barazki lehiaketa, Gipuzkoako piriniar arrazako behi-hazienda lehiaketa eta Plaza Nagusian astero saltokia jartzen duten baserritarren Aipamen Berezia. Horiez gain, hainbat erakusketa izango da: Perretxikoak, Euskal Oiloa, Makinan eta piriniar arrazako bigantxa aterako da enkantean. Aurtengo berrikuntzen artean, sortu berri den www.ordiziakoeuskaljaiak.com ataria nabarmentzekoa da. Webguneak egitarauaz gain, jai hauen inguruko informazio ugari ematen du.
Aspaldiko ohiturak jarraituz
2009ko Donostiako estropaden sailkapen probarekin batera eman zieten hasiera ostegunean Euskal Jaiei. Aurretik, hamar egun izango dituzte donostiarrek.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskutik, 1896. urtean «Fiestas Euskaras» izenekoak ospatzen hasi zen hiriburua. Garai hartako jaietan, herrialdeko nekazaritza eta abeltzaintza teknikak hobetzeko helburuz, abere eta barazki lehiaketak ziren nagusi egitarauan. Eta horrelako ferien osagarri, literatura sariketak eta bertako dantza eta kirol erakustaldiak zituen jendeak denbora-pasa, gure ohitura eta folklorea goreste aldera.
Aspaldiko ohiturei eutsiz, gaur VII. Nekazaritza Ekologikoaren Azoka izango da Boulevard-ean. Sagardo Eguna ere ospatuko dute 11.00etatik 13.45etara Konstituzio plazan. Bihar, 12.00etatik aurrera, jaien ekitaldi nagusia, estropadak, izango dira badian. Emakumezkoen II. Kontxako Banderaren sailkapen proba hilaren 12an jokatuko da, eta hurrengo egunean jakingo dugu irabazleen izena. Tartean, besteak beste, poesia orduak, antzerki emanaldiak eta trikitilariak izango dira.
Zarauztarrek, berriz, asteazkenean ospatuko dituzte Euskal Jaiak. Goizeko zortzietan hasi eta gaueko ordu txikiak arte ekitaldi andanaz gozatzeko aukera izango da. Eskupilota partidak, herri kirolak eta bertsolariak izango dira frontoi txikian. Eguerdian, Munoan, «Bankasartzea» antzeztuko du Alproja taldeak. Musika Plazan eta Iñurritzan erromeriak izango dira. Beraz, gaurtik aurrera badago ondo pasatzeko nahikoa aukera.
Ordiziako Udalak atzo eman zuen aurtengo Euskal Jaien nondik norakoen berri. Eskaera bat ere egin zien ordiziarrei, hilaren 9an, asteazkena, baserritarrez jantzita ateratzeko hain zuzen