GARA > Idatzia > Kultura

Orbetarren istorioekin bigarren liburua osatu du Joan Mari Irigoienek

Iaz kaleratu zuen «Bestea da mundua», Orbetarren trilogiaren lehenengo eleberria. Horren jarraipena da «Haragiaren gauak eta egunak». Liburu sakon eta mardula, XX. mende hasierako familia honetako seme-alaben nortasun eta kezketan sakontzen duena.

p049_f01_199x120.jpg

Ane ARRUTI | DONOSTIA

«Ez nabil marka baten bila», argitu nahi izan zuen Joan Mari Irigoienek (Altza, 1948) Orbetarren trilogiako ia mila orrialdeko bigarren liburuaren aurkezpenean. «Horrelako `totxoa' egin dut liburuaren planteamenduak arnas luzeko zerbait eskatzen zidalako. Nire garapen espiritualean beste muturretik gertuago nago, aikoetatik esaterako. Baina bakoitzak bere apustuak ditu eta guztia erakutsi nahi nuen, ez azaletik bakarrik». Izan ere, duela lau urte inguru bururatu zitzaion Irigoieni proiektu honetan murgiltzea, «burua gruller gaztaren modukoa da, zenbat eta urte gehiago, orduan eta zulo gehiago. Horregatik pentsatu nuen apustua egitekotan huraxe zela momentua».

«Haragiaren gauak eta egunak» (Elkar) eleberrian, aurreko liburuan ezagutarazi zituen Nazario Orbe eta Regina Aldasororen familiaren istorioekin dator berriro ere. XX. mende hasieratik 1936ko gerrara bitarteko tarte horretan pil-pilean egon ziren mugimenduen berri ematen du pertsonaia ezberdinen bitartez. «Aro berezi bat nahi nuen, XIX. mendearen bukaera eta XX.aren hasiera. Euskal Herrian elizak indar izugarria zuen, baina orduan sortu ziren, besteak beste, komunismoa eta anarkismoa mugimenduak. Uste dut hazi bat izan litekeela, ondo garatuz behintzat, gaur egungo garaia esplikatzeko».

Seme-alabak helduago

«Bestea da mundua» liburuan familiako gurasoek zeukaten presentzia nabarmena, «haien jatorrien deskribapenei pisu handiagoa eman nien, agian trinkoegia». Sei seme-alaben haurtzaro eta nerabezaroaz ere jardun zen eta horietako batzuen bizitzan gehixeago sakondu du bigarren honetan. Benjamin Maria seme txikiaren garrantzia azpimarratu zuen Irigoienek, «urte erdia bakarrik bizi izan bazen ere, istorioko pertsonaia zentrala izango da eta bera da eleberria ulertzeko gakoa».

Liburu hain mardula irtetearen arrazoi nagusia introspekziora jo izana izan daitekeela azaldu zuen. «Hala ere, ezin nuen etengabe eszena izoztu eta pertsonaien barruan sartu. Aldian behin egin dut, bestela nobela bukaezina izango litzateke». Idazkera exijentea dela adierazi zuen, baina ulergarria aldi berean. «Ez dut espezialistentzako tratatu bihurtu nahi izan. Ez dut psikologo edo psikiatrentzat idatzi, nahiz eta beraiek ere irakur dezaketen, noski». Garaiko prentsako berri laburrak eta iragarkiak tartekatu ditu kontakizunean, «background» modura testua girotzeko. Azaleko irudia, berriz, bere anaia Imanolek egina da.

Hiru eskaintza egin zituen bukatzeko: lehenengoa, gaixorik dagoen Joseba Jaka poeta eta «adiskide minari»; bigarrena, orain lau egun zendu zen Edurne Bergaretxe, Xabier Leteren amari, «nire irakurle finenetakoa zen eta hilkutxan utzi nion liburua»; azkenik, preso dagoen Anjel Mari Elkano Batasuneko mahaikideari, «irakaskide izan nuen eta bere bertute eta dohainak erakutsi zizkidan. Esan beharrik ote da, bada, Anjel Marik ez lukeela kartzelan preso egon behar beste euskal preso askok beharko ez luketen bezala?».

ARO BEREZIA

«Euskal Herrian Elizak indar izugarria zuen, baina orduan sortu ziren komunismoa eta anarkismoa mugimenduak. Uste dut hazi bat izan litekeela, ondo garatuz behintzat, gaur egungo garaia esplikatzeko».

Fitxa

Titulua: «Haragiaren gauak eta egunak (Orbetarrak II)».

Egilea: Joan Mari Irigoien.

Argitaletxea: Elkar.

Orrialde kopurua: 988.

Salneurria: 29,50 euro.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo