Josebe Egia
Uda ostean, errealitatea
Hasteko, astelehenero txoko honetara jotzen duzuen guztiak agurtu. Dela ohiturak aginduta, dela leialtasunaren ohorez, dela interesak bultzatuta. Denoi, kaixo eta ongi etorri beste behin.
Ikasturtea hastear dago, eta udak, edo bidaiek, eguraldi onak, jaiek, norberarentzako denborak, edo irakurritako liburuek, ezagututako jendeak edo, finean, udari denok aurkitzen diogun zer berezi horrek beteta, animatuta, ikusitako guztiak eta bizitako esperientzia aberasgarriek eragindako iritzi positibo eta optimismorantz bideraturikoa ekarri nahi nizueke. Udak, zergatia ondo jakin ez arren urtero hala dela egiaztatuta, baduelako «isolamendu» ukitua. Egunerokoa nahastu eta tarte batez bestelako erritmoa jartzen diogu bizitzari, eta harremanei ere bai, zorionez. Sarri, batik bat munduan barrena urruneko txokoren batean galduta ibiliz gero, bertakoekin nahastuta, bertakoen bizimodua ezagutzeko lana -plazera, hobe esanda- hartuta, hainbeste urruntzen gara gure ohiko espazio eta ingurunetik, gure harreman-gunetik, gure egunkari eta telebistatik, non itzultzean «kolpeak» besterik ez dugun jasotzen.
Kolpeak, berri txar eran; kolpeak, «Teleberri»ak ikusteak uzten duen atsekabe eran; kolpeak, zure udaren paradisua beste batzuen infernua izan dela jakitean. Kolpeak, indarkeriak mundu osoan duen protagonismo absolutua, beste behin, orain ere, eremu guztietan, adin guztietan, bereziki emakumeen gainean, berretsita. Mexikon, El Salvadorren, Espainian, Euskal Herrian, Afganistanen, Iraken eta amaigabea den herrialde-zerrendan. Interes politikoak, emakumeen burujabetasuna, drogak, petrolioa, omenaldiak, dokumentalak, zeloak, asaldura, boterea... aitzakien zerrenda ere ez da motza, edozein izan daiteke arrazoia, edozerk piztu ondokoa garbitzeko grina, grina eta erabakimena, ondoren ekintza. Horren guztiaren ondorioak izan ohi dira, ordea, gutxien erakusten digutena gero. Ekintzen osteko hilabeteetan, urteetan. Indarkeria horrek guztiak eragin duena nora doan, norengan geratzen den, zer-nolako bizimodu eta nortasunak bilakatzen dituen, zer-nolako gorrotoa, minak eta justizi nahiak hazita. Zer-nolako mendekurako beharra, jasanezina bihurtuta, barrua ustelduta.
Uda amaierako egunetariko batean, etxean daukagun saharar familiako aitarekin berriak ikusten, bakoitza komentatzen eta ikuspuntu ezberdinek ematen duten aberastasuna xurgatzen, honako hauek bota zituzten bata bestearen atzetik: kazetari bat hilda, El Salvadorren -Mara banda horietariko baten eskutik-, Mexikon droga-menpekotasun zentro batean eginiko «mugitzen-den-guztia-akabatu» odoltsua eta Laura Alonsoren mutil ohiaren aitorpena eta haien harremanaren inguruko bi zertzelada. A zer 10 minutu. Ramadan garaian gaude, egun hartan ezin 20:53 baino lehen gorputzean ezer sartu, hala ere, 21:09 aldera herri afrikar honen jaki gozoak mahai gainean jarrita, ni neu, berriz nire ingurunean ondo errotuta, berehala txoko hau betetzen hasteko gogorik baino ez. Optimista izan nahi dut, baina gauzak horrela eta are gehiago emakumeon azaletik, ahaleginak egin beharko ditut.