GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

kirol eskalada Lehiaketa

Patxi Usobiaga inoiz baino indartsuago dabil

Nazioarteko lehien denboraldiaren erdia bete da dagoeneko, eta eskalatzaile eibartarrak oso emaitza ikusgarriak lortu eta eskalada bikainak egin ditu. Bere esanetan, sekula ez da hain indartsu sentitu eta berriro Munduko Koparen bila joango da.
p045_f01_148x204.jpg

Andoni ARABAOLAZA | DONOSTIA

Harrigarria da Patxi Usobiagak lehiaketetan egindako ibilbidea. Ia-ia dena irabazi du bai bertan, eta bai nazioartean. Eta horrek lasaitzeko aitzakia ematen badio ere, eibartarrak txanponari buelta eman eta dena ematen jarraitzen du. Inolako zalantzarik gabe, Euskal Herrian dugun kirolaririk emankorrena dugu.

Aurtengo nazioarteko denboraldiari dagokionez, aitortu behar dugu Usobiagak berriro ere zur eta lur utzi gaituela. Beste urte batzuetan ez bezala, lehenbiziko proba garrantzitsua nahiko berandu hasi zen; ekainaren amaieran, hain zuzen ere. Eta irakurleak ondo dakien bezala, lehen hitzordu horretan beste emaitza bikaina erdietsi zuen: Munduko Txapelketa. Bere urrezko zerrendatxoan falta zitzaion bakarra.

Hori guztia nahikoa ez eta, euskal eskalatzaileak oso era dotorean hasi zuen Munduko Kopa; gogora dezagun 2006 eta 2007. urteetan zirkuitu horretan irabazle izan zela. Lehen proba uztailaren 12 eta 13an izan zuen. Hitzordua Chamonixen zuen, gustukoa duen lekua, eta Txinan lortutako txapelak indarra eman eta lehen proba hori irabazi zuen. Irabazi bai, gainera oso era dotorean. GARAri adierazi dioenez, oso gustura eskalatu zuen: «Oso ongi sentitu nintzen, oso erraz eskalatzen, eta horregatik ez zitzaidan uste bezain gogorra egin lehia hau. Aurtengo denboraldian bi helburu oso zehatz jarri dizkiot neure buruari: Munduko Txapelketa zein Kopa. Aurrenekoa lortu dut eta bigarrenaren hasiera ezin hobea izan da».

Hirugarren hitzordua Taiwanen izan zuen: World Games. Ez zuen garaipenik lortu; bai, ordea, bigarren postua. Abuztuaren lehen astean Bartzelonan izan zen, han Munduko Kopako bigarren lehia jokatzen ari baitziren. Sailkapen zein finalerdien txandan bikain jardun zuen, baina finalean huts egin eta bosgarrena geratu zen: «Pena izan zen; izan ere, ia ezer eskalatu eta borrokatu gabe geratu nintzelako. Baina lehia horrelakoa da, eta une onak zein txarrak onartu behar dira».

Munduko Kopako hirugarren hitzordua Imst-en (Txekiar Errepublika) izan zuen, abuztuaren 22 eta 23an. Nahiz eta finaleko bidea kateatu zuen, bigarren postuarekin konformatu behar izan zuen. Gainera, bidaia aprobetxatuta, herrialde horretako Nassereith eskolan «Hade» bidea (9a) bigarren saiakeran sinatu zuen. Bitxikeria bada ere, bere lehiakide zuzena alboan izan zuen bidearen nondik norakoak aipatzen.

Ia perfektua

Hau irakurtzen ari dena ohartuko da, beraz, Usobiagak lortu dituen emaitzak bikainak baino bikainagoak dira. Eskalatzaileak aitortu digunez, bera ere pixka bat harrituta dago: «Aurten sekula baino hobeto sentitzen naiz. Ziur asko, inoiz ez naiz hain indartsu egon. Azken lehietan ez dut irabazi eta Bartzelonan huts egin nuen; hala ere, oso erraz eta gustura ari naiz eskalatzen. Inolako zalantzarik gabe, beste urte batzuekin alderatuta, aurten koska bat gorago nago».

Hori dio eibartarrak eta hori diote erdietsi dituen emaitzek ere. Baina hori guztia ulertu ahal izateko, proba horietan egin dituen jarduerak azpimarratu nahi genituzke. Beste denboraldi batzuekin alderatuta, aurtengoan top ugari poltsikoratu ditu; horietako batzuk, gainera finaletan. Eta hori ez da batere ohikoa. Horregatik esan dezakegu perfekziotik hurbil dabilela: «Txinan, Chamonixen zein Imst-en oso final handiak egin ditut; oso ondo eskalatu dut. Imst-en, adibidez, pena izan zen finalerdietan hain ondo ez ibiltzea. Soilik Bartzelonako finalean ez nuen batere fin eskalatu. Top asko egin ditut, eta horrekin ere harritzen naiz. Oso sasoiko nago, burua ere indartsu dut, eta, horri guztiari esker, emaitza bikainak sinatu ditut. Entrenatzen ere oso gustura nabil, oso lasai sentitzen naiz, inoiz baino lasaiago. Une latzak badira, eta horiei ere aurre egin behar zaie. Jo eta ke nabil, gozatzen, eta horrek aurpegian irribarrea sortzen dit. Aurten inflexio puntu batean aurkitzen naiz».

Finaletan aritzen diren zaharrenetarikoa da Usobiaga, baina berak erabat motibatuta jarraitzen du: «Besteei ez dakit zer gertatu zaien; nik badakit gora egin dudala. Hurrengo Munduko Kopako proba hilaren amaieran dut Puurs-en (Belgika). Berez, Ramon Julian-en proba da; bi aldiz irabazi du berak. Eta argi daukat dena emango dudala Ramonet eta besteak garaitzeko».

«Adam Ondra oso indartsua da; haren sasoiak erabat motibatzen nau»

Azaldu dugunez, Munduko Txapelketa irabazi ostean, Usobiagaren hurrengo helburua Munduko Kopa da. Hiru proba jokatu ditu dagoeneko. Bat irabazi du, bestean bosgarren geratu da eta hirugarrenean bigarren sailkatu da. Behin-behineko sailkapenean bigarrena da, Adam Ondra-rengandik 20 puntura. Txekiarrak soilik 16 urte ditu, eta nagusien mailan lehen urtea du.

Eibartarrak arerio zuzena du, eta ia denek diote bien arteko lehia izango dela: «Ondra fenomeno bat da. Motibatzen nau, eta badakit ez dizkidala gauzak erraztuko. Niri, gainera, sufritzea gustatzen zait. Nik, agian, pare bat gauza neure alde ditut: fisikoki indartsuagoa naiz eta eskarmentu gehiago dut. Alabaina, beste hiru proba geratzen dira, eta ikusiko dugu zer gertatzen den». A. A.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo