GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

Top 14 Agilera

Azkeneko emaitzak ahazteko, eta zaleen kezkak uxatzeko balio duen garaipena lortu du Biarritzek

BIARRITZ 30

STADE FRANÇAIS 22

J.L. | BAIONA

Biarritzek ere behar zuen garaipen bat. Izan ere, azkeneko bi partidak galdu egin baitzituen talde lapurtarrak, eta gainera ustez beraiek baino maila ahulagoa duten aurkariak zirenez, horrek zaleen kezka ere piztu zuen, azkeneko urteak nahiko ilunak izan baitira Biarritzen, eta aurten ere bide bera hartuko ote zuen kezka handia zen.

Atzo Agilerara joan ziren 11.500 ikusleek, ordea, gozatu egin zuten. Aurrez aurre Ligako talderik handienetakoa izan zuten, Stade Français, alegia, baina euskaldunek irabazi egin zuten eta partida itxurosoa eginda, gainera.

Galtzen hasi ziren euskaldunak, baina apurka-apurka horri buelta emateko gai izan ziren, eta jokoan agintzen hasi ziren. Aurrean presioa egiteari ekin zioten, eta frantziarrak estutzen hasi ziren, eta 18. minutuan transformatutako entsegu bati esker, partidari buelta eman, eta 7-3 aurreratu ziren.

Hortik aurrera etxekoak beti aitzinetik izan ziren, eta atseden hartzera, gainera, 17-9 agintzen joan ziren, eta horrek nolabaiteko lasaitasuna ematen zien denei, gainera lehen berrogei minutuetan ikusitakoa nahiko ona izan baitzen.

Bigarren zatian Parisekoak erasora atera ziren. Haiei ere gauzak nahiko gaizki dihoazkie. Ustez lehen postu horietan egon behar zuten, baina azkeneko postua lehenengoa baino gertuago dute.

Hala ere, lehen minutu hauetako presioa gainditu ostean, aurrera egin zuen Biarritzek. Berriro ere berdegunean agintzen hasi ziren, eta berriro ere aldea egin zuten. Partidako azkeneko txanpara, 30-17 heldu ziren, eta azkeneko jokaldian kanpotarrek entsegua egin bazuten ere, jadanik norgehiagoka erabakita zegoen, eta Biarritzek ongi merezitako garaipena lortu zuen, eta indarra emango diona gainera, Ligako talde handi baten aurka irabaztea ez baita txantxetako gauza, nahiz eta talde zuri-gorria ere Ligako handietako bat den.

Orain, denak datorren larunbatari begira jarriko dira, izan ere Anoeta estadioko harmailak leporaino beteko baitira Biarritz eta Aviron ikusteko. Lehen aldiz jokatuko dute derbi hau Lapurditik kanpo, eta Anoeta betetzen baldin badute, derbi batek inoiz izan duen jendetzarik handiena batuko du, eta hori ere kontuan izango dute zuzendariek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo