Arrantzale Eguna ospatuko dute gaur bermeotarrek
Ohitura den legez mahoizko arropekin jantzita aterako dira bermeotarrak gaur kalera, eta goizean goizetik hasita, giro bikaina sortuko dute herriko karriketan barrena fanfarreen eta trikitilarien laguntzarekin. Izan ere, Bizkaiko kostaldeko herri honetan hain estimatua den Arrantzale Eguna ospatuko dute Andra Mari eta Santa Eufemia jaietan. Gauean dantzaldiak eta diskoteka izango dituzte; gainera, festak bukatzeko oraindik hainbat egun geratzen zaizkie aurretik.
GARA
Arrantzale Egunarekin gozatuko dute gaur bermeotarrek, astelehenean abiatutako Andra Mari jaien barruan. Herriko festarik estimatuenetarikoa denak egun osoan ondo pasatzeko aukera eskainiko du. Goizean goizetik hasiko dira ekitaldiak eta ohitura den legez mahoizko arropen urdina nagusi izango da. Bizkaiko kostaldeko herria oso loturik egon da arrantza munduarekin, eta festa honekin harro erakusten dute hori urtero.
Egunari hasiera emateko, arrantzaleen omenezko meza egingo dute, eta jarraian kalejiran abiatuko dira txistulariekin. Lore eskaintza eta arrantzaleen abestia ere kantatuko du abesbatzak portuan.
Aldi berean, Dakarrera arrantzan joandako arrantzaleei omenaldia egingo diote. Orduak aurrera joan ahala, giroa berotuz joango da. Batez ere, hainbat fanfarreren eta trikitilarien doinuekin batera egingo duten jaitsierarekin, Taraskatik igaroz, San Frantzisko plazaraino. Bazkalostean ere musikariak herriko kaleetan zehar ibiliko dira.
Gauean, Hermanos Anoz eta Haitzama taldeen txanda helduko da. Lehenengoek Nafarroako folklorea eta mexikar eta hegoamerikar abestiak ekarriko dituzte; Haitzamak, berriz, erromeria. Emanaldiok San Frantzisko plazan izango dira, eta gero, 1.00etatik aurrera, FM diskoteka egingo dute portuan.
Benito, Potato, Coti...
Bihar Benito Lertxundi euskal kantautoreak emango duen kontzertua izango da eguneko ekitaldi nagusietakoa. Hala ere, umeek ere ondo gozatu ahal izango dute herriko portu zaharrean jarriko duten uretako parke izugarriarekin. Kale antzerkia ere izango da.
Ostiralerako ere umeentzako tailerrak antolatu dituzte. Bestalde, nagusientzako ekintza gehien bilduko duen eguna ere izango da: herri bazkaria egingo dute Kasinoan, eta bazkalosterako iragarrita daude Duo Marfilen kantaldia eta Oscar Vivoren ikuskizuna; pottoka erakustaldia, esku-pilota partidak eta Golden Apple Quartet taldearen ikuskizuna ere izango dira.
Larunbatean, berriz, Sukalki Eguna ospatuko dute bermeotarrek eta irailaren 13an bertso saioa izango da Artza frontoian. Besteak beste, Andoni Egaña, Sebastian Lizaso, Igor Elortza, Amets Arzallus, Aitor Mendiluze, Uxue Alberdi eta Aitor Beitia arituko dira bertsotan.
Bigarren asteburua igarota, irailaren 15ean, Coti abeslari argentinarrak eskainiko duen kontzertua izango da ziur asko jende gehien bilduko duen ekitaldia. Bestalde, hilaren 16an, Santa Eufemia eguna ospatuko dute eta baserri giroko azoka antolatu dute. Goizean Udalbatzak prozesioa egingo du, eta gauean, Xixilirekin doluzko bidea egingo dute herrian zehar, jaiei bukaera emateko.
Udalak antolatzen dituen ekitaldiez gain, txosna batzordeak bere ekarpena egin du jaietan parte hartzea bultzatzeko asmoarekin. Gaurko Arrantzale Egunari begira, errepresaliatuen aldeko herri bazkaria antolatu dute eta asteburuan hainbat kontzertu izango dira.
Irailaren 11n, Crisis, Los Brebes eta Los Frenos arituko dira taula gainean eta larunbatean Potato, Mamba Beat eta La Prohibida taldeek joko dute. Era berean, preso eta iheslarien aldeko III. batel estropadak ere antolatu dituzte ostiralerako, eta larunbatean D'arbuka Bermeoko perkusio taldea arituko da kaleetatik.
Irailaren 13rako, Habana Son talde kubatarrarekin, saltsa eta dantza. Hilaren 15ean, Oilo pop!, elektronika eta herriko kantak. Santa Eufemia egunean galdeketa egingo dute, «Zeri gura deutsazu emon su?», eta su, txalaparta eta malabar ikuskizunak ere prestatu dituzte.
Errepresaliatuen aldeko herri bazkaria antolatu dute gaurko, txosna batzordeak antolaturiko egitarauaren barruan, eta hiruretarako jarri dute hitzordua, txosnagunean.