GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Susana Aiestaran Ijurko Gizarte hezitzailea

Jai Bus. Nire hamargarren urtebetetzean

Mila esker nirekin etortzeagatik, mila esker Sakanako Mankomunitateari, mila esker txofer eta arduradunei abentura honetan parte hartzeagatik

Herriz herri eta jai giroan hamar urte daramatzat zuekin bueltaka, festarik festa, zuek eramaten. Askotan ikusi nauzue paretetan, kolore askotakoa, batzuetan kolorerik gabe, bustita besteetan. Badakit batzuetan nire irudiaren bila ibili zaretela noiz etorriko nintzen jakiteko. Polita da norbait zure zain dagoela jakitea eta ni pozik joaten naiz beti zuen bila.

Denok ezagutzen dituzue nire helburuak, baina nire urtebetetzean gogoratzea ona izango dela uste dut.

-Gazteak sentsibilizatzea eta kontzientziatzea norberaren autokontrolaren arduran, alde batetik, edozein sustantzia kontsumitzerakoan eta, bestetik, horrek dakartzan ondorioetan.

-Auto istripuek dakartzaten gaitzak murriztea.

-Alkoholaren abusuzko kontsumoak eragindako isunak murriztea.

-Jai baten ondoren etxera itzultzeko erraztasunak ematea.

-Arriskuen murrizketarekin zerikusia duen edozein kanpainaren inguruko informazioa ematea.

Nirekin etortzen zareten gehienak 20 urtetik beherako gazteak zarete. Horrek esan nahi du batzuk lehen nirekin etortzen zinetela... non zaudete orain? Badakit batzuetan ni ez naizela nahi bezain azkarra, baina giroa paregabea da, eta lagunekin solasean egoteko, barre batzuk botatzeko eta lasai joateko ezin hobea. Nirekin bazatoz, ez duzu gidatu beharrik, arriskuak kanpoan utzita.

Azken finean, badakigu alkohola eta beste droga batzuk hartzea nahiko barneratuta dagoela zonaldean, eta parranda eta droga kontsumitzea bateratzen dela askotan.

Nik gazte asko eramaten ditut hara eta hona, eta badakit denek ez dutela eskema hori jarraitzen, eta kontsumitu gabe eta drogen ondorioak bizi gabe gauaz gozatzen dutela. Inguruan gertatzen denaz jabetzen dira distortsiorik gabe, hurrengo egunean ez dute astelehenik...

Argi eta garbi izan behar dugu, alkohola eta zenbait sustantzia ez direla gidatzearekin bateragarriak. Horregatik, kontsumitzea aukeratzen baduzu, ez ahaztu ni hemen nagoela zu eramateko eta ekartzeko prest.

Mila esker nirekin etortzeagatik, mila esker Sakanako Mankomunitateari, txofer eta arduradunei abentura honetan parte hartzeagatik, mila esker nirekin noizbait etorri zaretenoi, eta mila esker gurasoei ere, nitaz fidatzen direlako. Mesedez, segi ni zaintzen gehienok egiten duzuen bezala, noizbait apurketak ere gertatu baitira, gutxitan zorionez.

Beno, nire urtebetetzea dela eta, opari bat eman behar dizuet, eta denoi egitea ezinezkoa denez, zozketa bat antolatu dut. Irabazlea eta berak aukeratzen duen laguna Donostiara abiatuko dira, Miramongo Zientzia Museoa eta Planetarioa bisitatzeko eta Alde Zaharreko jatetxe eder batean bazkaltzeko aukera izango dute. Garraioak, sarrerak eta bazkaria dohainik izango dituzue.

Zozketaren tiketak Altsasuko jaietarako Jai Busen (irailaren 12an) eta Etxarriko ferietarako Jai Busen (urriaren 3an) banatuko ditut. Sari bikaina ezta?

Zenbaki sariduna urriaren 16ko «Guaixe» aldizkarian eta Beleixe Irratian jakinaraziko dizuet.

Berriro elkar ikusten dugunean kontatuko dizuet dena. Bitartean, ongi ibili eta gogoratu, zuen zain nago! Laster arte!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo