Irakasle eskasia handiena eskola elebidunek pairatuko dute aurten
Atzo Paueko Akademia Ikuskaritzan bildu zen Batzorde Tekniko Parekideak irakasle lanpostuen banaketa egin zuen, eta adar elebidunak izango ditu gabezia handienak. Ipar Euskal Herrian hamahiru eskolak irakasle falta izango dute; horietarik hamaika elebidunak.
Idoia ERASO
Aurtengo ikasturterako eskola bakoitzak izango dituen irakasle lanpostuen behin betiko banaketa egin zuten atzoko batzordean Pauen. Departamendu osoko eskolen artean Ipar Euskal Herriko hogeita bi kasu aipatu ziren, eta horietatik hamahirutan ez dela beharrezkoa den kuota errespetatua izan jakinarazi zuten sindikatuek. Baliabide gutxi dituzten hamahiru eskola horietatik hamaikak hezkuntza elebiduna eskaintzen dute, eta ondorioz aurten elebidunek kolpe handia jasan dutela salatu dute.
«Euskararen Erakunde Publikoak, hau da, hautetsiek, hitzarmen bat sinatu zuten Hezkuntza Nazionalarekin, baina hitzarmen hori ez da errespetatua izan», salatu zuen SNUipp sindikatuko Katy Petrissansek. Orain sindikatuek hautetsiei deialdia zabaldu diete hitzarmen hori betearaz dezaten. Irakasleen kokagunearen behin betiko antolaketa ostiralean egingo da, hori dela eta, datozen bi-hiru egunotan, hautetsiei ministerioari presioa eginez hezkuntza elebidunaren babesa egitea dagokie.
Gaur egungo irakasleen mapari begiratuta zazpi edo zortzi lanpostu falta direla eman da ezagutzera. «Leku askotan lanpostu bat behar zutenei erdia besterik ez diete eman eta erdia kendu behar zietenei osoa kendu diete», azaldu zuen Petrissansek. Ikasgela elebidun askotan euskara ezagutzen ez duten hogeita sei ikasle daudela nabarmendu zuten gizarte eragileek, pedagogikoki horrek dakartzan kalteekin. «Hezkuntza elebiduna egiten dute, baina ez dituzte ardurak bere gain hartzen», adierazi zuen SNUipp sindikatuko kideak.
Eskola okupatuak
Ikasturtea era egokian garatzeko, lanpostu eskasia duten hainbat eskolatako gurasoek hezkuntza zentroak okupatu dituzte. Ikastetxe batzuetan zerbait lortu baldin badute ere, beste batzuk esku-hutsik bueltatu ziren atzoko bilkuratik.
Barkoxeko gurasoak Pauen izan ziren atzo behar zuten lanpostua eskatzeko, baina ez zuten ezer lortu. Itxi behar izan duten Gamere-Zihigako eskolan izena emandako zazpi haurren guraso eta auzokoek eskola okupatu zuten berriz irekitzeko beharrezkoa den lanpostua eskatzeko, baina ikuskariak irakaslea ez jartzea deliberatu zuen. Larresoron eta Itsasun lanpostu osoa eskatzen zuten eta erdia besterik ez diete eman. Itsasun ostegunean eskola blokeatuko dute behar duten lanpostu erdia lortzeko.
Euskararen Erakunde Publikoak eta Hezkuntza Nazionalak eskola elebidunentzako baliabideak erabakitzeko akordioa sinatua badute ere, aurten ikuskariak irakasle lanpostuen eskariei muzin egin die.