GARA > Idatzia > Kultura

Manolo Valdesen eskulturak Zurriola pasealekuko protagonista bihurtu dira

Velazquezek margotutako meninak eta surflariak nahasturik. Zurriolako hondartza inguratzen duen pasealekua kaleko museo bihurtu da atzotik, Manolo Valdes artistaren proposamenari esker.

p040_f04_137x131.jpg

GARA | DONOSTIA

Manolo Valdes artista valentziarrak kalerako sortu zituen eskultura horiek, erakustokira joateko beharrik gabe, ukituak eta sentituak izateko aukera sortuaz. Urriaren 13ra arte Donostiako Zurriola pasealekuan izango dira ikusgai, «Artea kalean. Manolo Valdes Donostian. Eskultura monumentalak» izenburupean.

Sortzaile horrek artista ezagunen lanak berrinterpretatu ditu, esaterako, Velazquezen «Meninak» edo «Elxeko dama». Guztira, hamazazpi piezek osatutako lana da, zein baino zein ikusgarriagoa, hurbiltzen diren oinezkoek bertatik bertara ikus ditzaketenak.

Egitasmo honen helburua artea herritar guztien eskura jartzea da, eskulturak egokiak izango diren toki zehatz bat hautatuta, bai erakargarritasunagatik edo inguruarekin sortzen duen kontrasteagatik.

«Eskultura horien berezko tokia kalea da, jendea dagoen tokia. Valdesek museoetan kokatu ohi diren idulkitik jaitsi ditu hiriarekin eta bertako biztanleekin bizikidetza izan dezaten», esan zuen Caterina Toscano erakusketako komisarioak, atzo Donostian egindako aurkezpenean. «Valdesek eskultura purura iritsi arterainoko garapena izan zuen 80eko hamarkadan, Rafael Solbesen heriotzaren ondotik», gaineratu zuen.

Entitate berria eman arte

«Zeruari irekitako» museo honetarako, artistak doan utzi ditu bere eskulturak, Luis Reverter La Caixa Fundazioko idazkari nagusiak azaldu zuenez. Bere hitzetan, Valdes «bizirik dagoen eskultore espainol onena da», «eskulturaren klasizismoa modernitatearekin uztartzen duen artista», hain zuzen.

Erakusketa horri Violant Porcel komisarioaren eta Valdesen arteko elkarrizketa artistikoa biltzen duen katalogoa gehitzen zaio. Bertan, valentziarrak azaltzen du nola bereganatzen dituen pertsonaia erraldoi horiek jatorrizko mihiseetatik. Lehenengo, pinturatik interpretatzen du eta, ondoren, pinturaren ikuspegitik, «entitate berri bat» eransten dion arte, prozesu hori errepikatzeko gero eta «behar handiagoa» sentituz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo