GARA > Idatzia > Kultura

Aiko taldekoak euskal dantza ikastaro iraunkorrak gehitu dituzte

GARA | BILBO

Aiko taldekoak dantza ikasteko beste modu bat dagoela defendatzen dute. «Naturalagoa den beste modu bat, erlaxatuagoa eta dibertigarriagoa. Oinak mugitzen ditugu doinu bat entzutean, balantzaka hasten gara edo hatz puntekin erritmoa markatzen dugu, musika sentitzen ari gara jadanik; dantzarako prest gaude». Filosofia hori jarraituz, heziketa eskaintza berritu dute eta Bizkaiko sei herritan tradiziozko dantza ikastaro iraunkorrak eskaintzea erabaki dute.

Bizkaian aurten herririk herri ibili diren «Dantzaldi Ibiltaria» zikloko tailerren lehen edizio arrakastatsuaren eredua jarraitu dute aurtengo eskaintza lantzeko orduan. Hainbat herritan izandako tailer ibiltari hauen lehen edizioak izandako arrakasta dela-eta -«herri-folklorearekiko interesa mila lagun baino gehiagorengana hedatzea lortu zuen», taldekoen hitzetan-, taldeak sei ikastaro finko antolatzea erabaki du oraingo honetan.

Erandion astelehenetan, Durangon astearteetan, Areatzan eta Sopelan asteazkenetan eta Gernikan eta Sodupen ostegunetan izango dituzte ikastaroak. Horrela, datorren urrian hasi eta 2010eko ekainera bitartean, ikasi edo estiloa taxutu nahi dutenek tailerretan parte hartzeko aukera izango dute. Eskolak ordu eta erdikoak izango dira, arratsaldez, eta matrikularen prezioa 90 eurokoa izango da.

Horrez gain, iaz egin zuten bezala, Aikok erromeria tradizionala egingo du hilero Durangoko Plateruena kafe antzokian. Herri giroko dantzaldi hauek -larunbatetan egingo dira, 19.00etan, sarrera doakoa delarik-.

Azkenik, dantza jende guztia gozarazteko moduko «ekintza erraz eta naturaltzat» jotzen dute Aikoko kideek. Hau ezagutarazteko, irakaskuntza-estiloa gertuago ikusi nahi dutenek aipatutako herrietan eman dezakete izena, irailaren 15etik 24ra bitartean antolatuko diren doako aurkezpen-tailerretan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo