Haien krimenak, gure hutsegiteak
NATOk joan den ostiralean Afganistango iparraldean egin zuen bonbardaketak zibilak hil eta zauritu zituela aitortu zuen atzo. Horrenbestez, gertatutakoa ikertuko duen talde bat izendatu zuen. Angela Merkel alemaniar kantzilerrak, bestalde, bonbardaketa gaitzetsi zuen baina, horrez gain, alemaniar militarren jokaeraren kontrako kritikarik onartuko ez duela esan zuen. Alemaniako hedabideek kritika horien atzean Pentagonoaren presioa sumatzen dute, Alemania Afganistango gerran areago nahas dadin. Presioak presio, ohituta gaude Afganistango sarraski batzuk terroristen atentatuen ondorio eta beste batzuk aliatuen hutsegiteen ondorio direla entzun eta irakurtzen. Terroristei ez omen zaie sinetsi behar, baina zergatik sinetsi behar zaio NATOri? Nabaria dena aitortu dutelako ote? Talibanek beren gain hartu ohi dituzte beren atentatuak, eta NATOk nekezago onartzen ditu bere «hutsegiteak»; gainera, deitoratu egiten omen dituzte eta gertakariak ikertuko dituztela agindu ohi dute, horixe baita «demokraziaren zaindariei» dagokien prozedura, normalean iragarpenarekin berarekin amaitzen den ikerketa izan arren. Hurrengo sarraskira arte. Eta hurrengo sarraskia talibanena nahiz NATOrena izan liteke. Biktimak berberak izanda, desberdintasuna hedabideek nabarmenduko dute, egilearen arabera terroristak edo demokraziaren aldeko borrokalariak izango dira-eta.