GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Kronika | Hondarribiko Alardea

Berdintasunaren aldeko mezua nekez baina badoa poliki bidean aurrera

Iaz bezala, atzo ere aterkiak erabili zituzten Alarde diskriminatzaileko kideek, emakumeen parte hartzea zapuzteko. Keinu eta irainen gainetik, gero eta gehiago dira, ordea, Alarde mistoan parte hartzen duten herritarrak. Atzokoaren ostean, euritakoen beltza baino, egindako bideak emandako fruitua izango dute gogoan berdinzaletasunaren aldekoak.

p004_f02_111x111.jpg

Oihane LARRETXEA

Goizeko lehen ordutik eguzkia indartsu ageri zen, eta ondorioz tenperaturek gora egin zuten arren, Hondarribian aterkiak zabaldu ziren atzo. Euritako beltzak. Horiek zabalduz erakutsi zuten Alarde diskriminatzailearen aldeko askok Jaizkibel talde mistoaren aurkako mespretxua eta aurkakotasuna. Traben gainetik, ordea, burua tente, atzo beste behin ere makina bat lagunek emakumeak jaietan berdintasunez parte hartzeko aldarria zabaldu zuten kaleetan.

Hitzartutako orduan hasi zuten desfilea, Kale Nagusirantz zuzenduz. Ohikoa denez, han izan ziren tentsiorik handieneko uneak. Alarde diskriminatzailearen aldekoak lekua hartua zuten jada, eta erreparorik gabe zabaldu zituzten aterki beltzak Jaizkibel konpainiaren parean. Aurten, «Betiko Alardea» zioten pegatinak itsatsita. Aterkien atzean, neska gazteak nagusi, oihuka, parte-hartzaileei «emagaldu» deituz tarteka. Aldamenean, gizon eta emakumeak, euren seme-alaba txikiei «hauei txalorik ez egin» agintzen. Ondoan, adinean sartutako beste emakume batzuk bizkarra emanda. Horiek beren horretan, beste urte batez, baina aurrekoetan baino gehiago, Jaizkibel konpainia txalo artean hartu zutenak.

Festak parekotasunez ospatu nahi dutenen ahotsa isiltzea ez zen batere erraza izan, irain bakoitzaren atzetik, jarraitzaileen aupadak eta txaloak iritsi zitzaizkien-eta sostengua emateko.

Kale Nagusian gora egiten zuten neurrian, alboko espaloietan zeuden lagunak, ezagunak edo ezezagunak desfilera gehituz joan ziren etengabe: besarkadak eta musuak elkartrukatzen zituzten maldan gora eginez.

Bidertzean bildutako ikusleen artean kontrakotasun handia, beraz, Alardea bizi eta sentitzeko moduen arteko talka. Ondoz ondo zeuden bi neska koadrilen arteko ezaugarri komun bakarra arropa zen -gona zuria, espartina eta zapi gorria, baita ezpainak gorriz margotuta ere gehienek-, gainerakoan, ez ziren ados agertu. Batzuek desfileko lagunei agur egin eta hauek txalotzen zituzten bitartean, besteek aterki beltzaz estaltzen zuten aurrean gertatzen ari zena.

Aldaparen erdi partean, udaletxearen atarian, EBko, ezker abertzaleko eta Aralarreko ordezkariak bildu ziren Alarde mistoari sostengua erakusteko.

Armen Enparantzara heltzean, egoera aldatu egin zen. Aterkiek osatutako pareta beltzak atzean utzita, giro lasaiagoa zen han goian. Ilarak osatu, eskopetak luzatu eta kapitainaren aginduei jarraituz, deskarga. Algara eta barre ostean, berriro ere Kale Nagusian barrena egin zuten, oraingoan «Emakumeak Alardean. Alarde publikoa» zioen pankarta aurrean hartuta.

Aterkiek han jarraitzen zuten arren, jada ez zegoen jaia zapuztuko zuen keinurik, ez irainik. «Nola gustatzen zaizuen ikusleria eta zuek protagonista izatea!» oihukatu zion Alarde diskriminatzailearen aldeko emakume batek Alarde mistoko parte-hartzaileetako bati. «Ez zaitu inork begiratzera behartzen. Zu bezalakoek zapuzten dute gaurko festa», izan zen Jaizkibeleko jarraitzaileak emandako erantzuna.

Gainerakoan, ibilbidea lasai egin zuten, eta Gernikako Arbolaren pasealekua lagunarteko giroan zeharkatu zuten. Ibilbide amaieran, kideen arteko besarkadak nagusitu ziren. Bazuten zer ospatu.

Jendearen berotasuna

Izan ere, liskarrak eta eztabaidak alde batera utzita, urtez urte gero eta gehiago dira Jaizkibel konpainiarekin batera parte hartzen duen pertsonak. Aurten 300 pertsonek jarri dute soinean txapel gorria, tartean gaztetxo ugarik, eta hala, aldarrikatu dute emakumeak egin dezakeen ekarpena ez dagoela zertan mugatu kantinerarenak egitera.

Anabel Salinasek estreinakoz egin zuen atzo kapitainaren lana, eta ibilbidearen amaieran sentsazio positiboak baino ez zituen gogoan izan nahi: «Keinu itsusien gainetik jendearen harrera eta berotasuna sumatu ditut, gauza politekin geratuko naiz».

Alardearen ostean, bazuen hamaika sentimendu. «Pozik eta zoriontsu nago gure konpainiagatik, harrotasunez betea. Orain urte batzuk pentsaezina zen».

Bestalde, Udalaren jarrera kritikatu zuen Salinasek, eta aipatu zuen «heldu dela hitz egiteko garaia», eta noski, Alarde bakar eta publikoa bultzatzekoa. «Berdintasunaren legea onartu zenetik, orain dela bost urte, ez genuke zertan horrelako egoerak jasan, horregatik mahai-inguruan bildu eta ados jartzeko ordua dela uste dugu», ondorioztatu zuen Salinasek.

Bestalde, Alarde diskriminatzailea osatu zuten 5.000 lagunek bederatziak jotzeko zirenean hasi zuten ibilbidea.

 

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo