Sonia Gonzalez sagarroiak@gmail.com
Zelan azaldu hau lagunari?
Nire lagunak ez du ezer ulertzen. Jakina, laguna kubatarra da eta, demokratek esaten duten moduan, han diktadura batean bizi izan da
Nire lagunak ez du ulertzen zergatik. Eta nik ez dakit ondo zelan azaldu. Ez du ulertzen zergatik ibili den helikoptero bat uda osoan zehar herrietako jaietan gure buruen gainetik. Nik esan nion euren presentzia nabarmentzeko modua dela, eta jakina, horretaz gain, horrela kontrolatu ere egiten dutela. Kontrolatu? Baina zer kontrolatu? Bueno, jendea non dagoen, zer egiten duen, nor dagoen norekin... argazkiak ere ateratzen dituzte hortik. Bai? Bai, eta nahiko argiak, gainera.
Nire lagunak parranda ederra egin nahi zuen, eta sekula ez bezala korrika egiten amaitu zuen eguna. Ikaratuta zegoen. Bazter guztietatik ikusten zituen gizon armatuak. Trankil egoteko esan nion, arnasa hartzeko, baina edozein bazterretatik agertu ahal zirela imajinatzen zuen. Hurreratuz gero igarriko genituzkeela azaldu nion; armada izanda, horiek beti formazioan joaten direlako. Baina nire lagunak ez du inoiz armada bere herri barruan ikusi.
Laguna kezkatuta zegoen, ezin zuelako etxera ailegatu. Lasai egoteko erantzun nion, itxaron egingo genuela, baina bost orduz itxaron genuen eta nire laguna ez zen trankiltzen. Ikusia zuen goizean zelan apurtu zioten burua laurogei urteko gizon bati, eta irudia ez zitzaion bere begi beltzetatik joaten.
Lagunak ez du ulertzen zelan den posible herria jipoitzeari ekiten dioten horiexek gero lasai asko ibiltzea herritik parrandan eta poteoan, zelan den posible egun batean uniformaturik tabernari bat identifikatzera behartzea «enaltecimiento del terrorismo» egozteko mehatxupean, eta hurrengoan tabernari berberari tragoak eskatzea kalekoz jantzita. Eta nik ezin diot azaldu, nik neuk ez dudalako ulertzen zelan herrietan onartzen dituzten horrelako jokabideak, zelan lagunek ez daukaten erreparorik zuritoak hartzeko, hurrengo batean aita edo alaba ospitalera bidali ahal duen batekin. Antza, askoz errazagoa da denek euren burua engainatzea ertzain guztiak bulegoetan aritzen direla sinetsita.
Laguna harritu da jendeari «oreinak» deitzen dietela jakin duenean, baina, jakina, orain ondo ulertu du zergatik den hori, armak eskuetan ehizan ikusita.
Lagunari esan diote bera ez kezkatzeko, ezer txarrik egiten ez badu, ez zaiola ezer gertatuko, eta beldurrik ez izateko, baina lagunak ez daki zer den gauza txarra eta zer ez. Bere herrian hilketak, lapurretak eta halakoak dira delitu, baina kargutu da hemen delitu izan ahal direla, futbolean jokatzea, kalean bazkaltzea, kartetan egitea, senideen argazkiak eramatea, kartelak pegatzea. Ezagun bat kale erdian jipoiturik eta anbulantziak eroanda ikusi du, eta ikusitako sinetsi ezinik esan dit gizon hori ez zela ezer egiten ari, lagunekin zegoela, trago bat edaten, besterik ez. Eta zelan azaldu lagunari inozenteek besterik ez dutela pentsatzen «neska edo mutil ona» izanez gero, ez zaizula ezer gertatuko. Oraingo honetan inozente horietako askok konprobatu ahal izan dute.
Nire lagunak ez du ezer ulertzen. Jakina, laguna kubatarra da, eta demokratek esaten duten moduan, han diktadura batean bizi izan da; beraz, normala da demokraziaren funtzionamenduaz ezer ez ulertzea.