Maider Iantzi Kazetaria
Juan Gorritiren antiojo koloredunak
Amaran barna oinez noala, hara non ikusi dudan Juan Gorriti, kolore biziz margotutako betaurrekoekin, bere begiei gozarazten dien herriaren, inguruaren, aterik gabeko arte galeriaren aniztasunaren erakusgarri. Jaramon egin diodanean, hasieran ez nau ezagutu, baina berehala oroitu da Iruñeko bere erakusketa urdinean egon ginenekoaz: «A! Zu Berakoa zara!» erran eta ondoan dugun Don Serapio janari-dendara gonbidatu nau, han jarria baitu bere lur ganbara, Aralarretik ekarritako bostehun urtetako hizkuntza, kultura. Sarako egurrak ardo botilen artetik mintzo zaizkigu; sabaitik zintzilikatutako malatsek, aldiz, garai bateko artzainen lana ekartzen digute gogora. Gazta nahasteko erabiltzen zuten tresna da malatsa eta orain dela bost mila urtetik forma bera du! Gorritik kontatu duenez, artzain bat gazta egiten ikusten badu, hortik jaiotzen da eskultura bat. Bera ez omen da eskultorea; bihotzaren hizkuntza darabil: lehenbizi ikusi egiten du, gero emozioa sentitu eta azkenik lurraren indarra idatzi. Denbora adinako artistarik ez dagoela deritzo eta adi behatzen ditu gizaldiz gizaldi sortzen joaten diren harribitxiak. Dena lurretik jaiotzen dela aldarrikatu du; denda honetan bertan, tomateak, platanoak, urdaiazpikoak, jaki guztiak naturak emanak dira eta Larraungoarentzat koadro bat osatzen dute, jateko koadro bat, beharra ere artista handia delako. «Piper potoak bi aldiz emozionatzen nau, jatean eta ontziarekin eskultura bat egitean», azaldu du. Baserriko altxorrak Don Serapio den ganbara ederrean zintzilikatuz, arte galeria bat osatzea izan da Gorritiren asmoa. Pena puntu batez aitortu digu, ordea, jendea erostera etortzen dela, ez erakusketa bisitatzera. Ederra litzateke besteok ere antiojo koloretsuak janztea.