GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Luis Bilbao Larrondo Historialaria

Heroiak

Ez dakit matriarkatuan bizi garen ala ez, baina amamengatik izango ez balitz, Euskal Herriak ez luke aurrera egingo, ziur

Gure gizarteari dagokionez, gezurra dirudien arren, oraindik ere heroiak egon badaude, arras gertu ditugu eta txit familiarrak dira: gure amamaz ari naiz, hain zuzen. Bitxia benetan amamen jokabidea egunean-egunean, beti-betiko: bizitza osoa borrokatzen, etsi-etsian, sufritzen, edota lan egiten, bai etxetik at, bai etxeko eginkizunetan, doi-doi, inolako laguntzarik gabe, isil-isilik, arranguratu barik. Halaber, batera, senarra eta seme-alabak zaintzen beti, arazoei irtenbidea aurkitzen, familiak aurrera egin dezan, ozta-ozta, eta erran gabe doa inoiz ez duela huts egiten.

Sinesgaitza ematen badu ere, orain, erretiratuta daudenean, hein batean, atsotu direla-eta atseden hartzeko aukerari uko egin diote, bilobak ere zaintzera derrigortu baitituzte (ez daukate ez pairamenik, ezta indarrik ere, ez baitaude sasoi onenean bilobak zaintzeko, naturaren kontrakoa izango litzatekeelako). Hala ere, amamek, izugarrizko ahaleginaren bidez, artez edo moldez, egin egiten dute. Nola izan liteke bizitzan zehar beste horrenbeste pairatu eta seme-alaben berekoikeriagatik ondo merezitako atsedena eragoztea? Bilobak zaintzeaz gain, seme-alabek beren jokabide hori zuritzeko, amamen bakardadea arintzeko ondo baino hobeto datorkiela aitzakiatzat hartzen dute. Hamaika ikusteko jaioak gara! Fabore egingo balute bezala, gutxi gorabehera. A zer nolako kako-makoa! Ez dago batere gaizki txandrioa, ezta? Seme-alabek, bitartean, betiko bizimoduarekin jarraitzen dute, erran nahi baita, asteburuetan hor zehar jaiegunak ospatzen, aiton-amonak bizkitartean biloben ardura hartzen, esklabo modalitate berriari esker, noski.

Bide batez esanda, ez dakit matriarkatuan bizi garen ala ez, baina amamengatik izango ez balitz, Euskal Herriak ez luke aurrera egingo, ziur. Baten batek esango dit diodana badakigula denok; bai, baina behin baino gehiagotan gogoraraztea ondo datorkigula esango nioke, batez ere, ziztuan ahazteko dugun ahalmenak ikaratzen nauelako. Behin-behinean, emakume aparteko horiei beren eginkizunen eta maitasunaren truke monumentu bat egitea edota soldata jasotzea oso eskasa dela esango nuke. Haatik, maite duzula esatera eta erakustera bultzatuko nuke, benetan eskertuko luketelako eta egitea arras erraza izango bailitzateke.

Hau guztia dela-eta, errealitateak, damuz, aurkakoa adierazten du; arrunta baita ikustea bakardadean uztea edota, okerrena dena, zaharren egoitzara bidaltzea nahitaez, eragozpen bihurtu direlako (aititekin gauza bera gertatu ohi da). Hor dago gakoa. Ataka gaiztoan gaudela esango nuke, gugatik egindakoa ahazten dugulako. Kanpoko batek halako portaera ikusiko balu nola deituko lioke...? -irudikatu kalifikatzailerik kaskarrena eta segur aski bete-betean asmatuko zenuke-. Hortaz, seme-alabok ez harritu, ezta kexatu ere, zeuen burua egoera berberean ikusiko bazenute. Azken batean, gizarte honetan nor bere zortzikoan dabil.

Soil-soilik esango dizut seme-alaba edota biloba izatea ez datorkigula jaiotzeagatik, baizik eta ekintzekin erakutsi beharko genukeenagatik: elkarrekikotasuna deritzo.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo